Gizartea -
Gaueko segurtasuna
Bilbobusek eta Bizkaibusek emakumeei gogorarazi diete eskura dutela eskaeraren araberako geldialdi zerbitzua
2018an zerbitzua martxan jarri zenetik, tarteko 1.499 geltoki eskatu dira Bizkaibusen eta 615, Bilbobusen. Zerbitzua 22:30etik 06:30era bitartean dago eskuragarri bi konpainiek egiten dituzten linea guztietan.
O. P. | EITB Media
Bilbobusek eta Bizkaibusek kanpaina bateratu bat abiarazi dute herritarrei, batez ere emakumeei, gogorarazteko eskura dutela gauetan eskaeraren araberako geldialdi zerbitzua, hau da autobusak gehien komeni zaien puntuan gelditzeko aukera. Aukera hori eskaintzen dute 22:30etik hurrengo eguneko 06:30era Bilbobuseko eta Bizkaibuseko linea guztietan, eta gaueko joan-etorrietan erabiltzaileei segurtasun-mezua helaraztea du helburu.
Miguel Angel Gomez Viar Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatuak eta Nora Abete Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak gaur aurkeztu dute ekimen hau; batera garatuko dute, batez ere, Bizkaibusen eta Bilbobusen autobusetan eta markesinetan, azalpen-kartel eta -liburuxken bidez.
"Jazarpenaren aurkako geldialdiak" izenarekin ere ezagun direnak 2018. urtetik daude martxan Bizkaibusen zein Bilbobusen.
Ekimena abiarazi zenetik pasa den maiatzaren 1era arte, 1.499 bitarteko geldialdi eskatu dira guztira Bizkaibusen, eta 615, Bilbobusen. Horien % 56 goizeko lehen orduetan eskatu dira, 05:00etatik 6:30era bitartean. Gomez Viarrek azaldu duenez, "azken urteetako datuak eskuan ditugula, batez ere beren lantokira doazen emakumeak dira gehienetan autobusa ibilbidearen erdiko leku batean gelditzeko eskatzen dutenak", ez alferrik, abuztua da eskaera gutxien erregistratzen diren hilabetea, diputatuaren esanetan.
Eskaera gehien jaso dituen autobus-linea A3136 da, hots, Bilboko metropoli osoa hartzen duena –Bilbo, Barakaldo, Sestao, Portugalete eta Santurtzi udalerriak–; eskaerak, guztira, 987 dira. Jarraian, A3622 Bilbo-Basauri-Astunduaga-San Miguel-Zaratamo (103 eskaera guztira) eta A3932 Galdakao-Metro Bolueta (71).
"Eskaeraren araberako geldialdiek emakumeen segurtasuna indartzen dute; izan ere, hirian zehar oinez egin behar duten ibilbidea laburtzen dute eta helmugara iristeko denbora murrizten", azaldu du, Nora Abetek.
Nola eskatu geldialdi bat?
Bilbobusek eta Bizkaibusek lagun egingo diete, hala, gauez bakarrik mugitzen diren emakumeei beren helmugatik hurbilen dagoen lekuraino. Zerbitzua erabili ahal izateko, emakumeek autobusaren aurrealdetik igo beharko dute, eta gidariari behar besteko denborarekin jakinarazi non jaitsi nahi duten, betiere, geratzeko lekua linearen ibilbidearen barruan badago. Une horretan erabakiko du gidariak eskatutako lekuak bide-segurtasuneko baldintzak betetzen dituenentz autobusa gelditzeko. Bestela, ahalik eta tokirik hurbilean geratuko du ibilgailua, eta emakumea aurreko atetik irtengo da beti.