Gizartea -
Laugarren entzierroa
La Palmosillako zezenek ziztu bizian egin dute laugarren entzierroa, milaka korrikalariren artean
Bi minutu eta hogeita bederatzi segundo besterik ez dituzte behar izan ibilbidea amaitzeko. Hainbat eroriko izan dira, jende asko ibili baita zezenekin batera. Lau lagun eraman dituzte ospitalera, arin zaurituta, eta adarkadarik ez da izan.
EITB MEDIA
La Palmosillako zezenek ziztu bizian egin dute laugarren entzierroa, igande honetan; izan ere, bi minutu eta hogeita bederatzi segundo besterik ez dituzte behar izan ibilbidea amaitzeko. Milaka korrikalari ibili dira zezenekin batera, eta hainbat eroriko izan dira, ondorioz. Lehen informazioen arabera, lau lagun eraman dituzte ospitalera, eta denak arin zaurituta daude; zezenek ez dute inor adarkatu.
La Palmosillako zezenek, gaur arte, parte-hartze bakarra zuten sanferminetan; hain zuzen, 2019an izan zen, eta orduan ez zuten inor adarkatu eta abiadura-marka ezarri zuten. Orain ere, jarrera zintzo hori berretsi dute, eta kontzentratuta ibili dira, nahiz eta arriskuko uneak ere izan diren.
Zezen-taldea baturik ekin dio entzierroari, joaldunak buru; azken horien artean, erdi ezkutuan, zezen beltz bat zihoan, eta horrek bat baino gehiago nahastu egin du. Korrikaldiko tentsio-uneetako batzuk Estafetan izan dira, joaldunetako bat erori baita.
Hori bai, ia hasieratik izan dira korrikalarien hainbat eroriko; Santo Domingoko aldapan bertan, bi aldeetan. Zezenak baturik joan dira Udaletxe parean eta Mercaderes kalean; bihurgunean ez dute laprast egin, eta, jarraian, azkar-azkar sartu dira Estafeta kalean barrena, joaldunek gidatuta.
Estafetan, arestian esan bezala, taldeko buruan zihoan joaldun batek irrist egin du, eta atzealdean geratu da; hori dela eta, zulo handiagoak ireki dira, jendeak korrikaldiak egin ditzan. Estafetan, luzatu egin da zezen-taldea. Zezen batek ezkerretik zihoan mutil bat bota du lurrera, eta, segituan, beste zezen batek laprast egin du eta atzean geratu da.
Telefonica tartean, taldea oso luzatuta zihoan, baina ez da arriskurik sortu. Zezen-plazan, joaldunek lagunduta, lehen bost zezenak arazorik gabe sartu dira zezentokietara; seigarrena apur bat atzeratu da, baina ez du inolako oztoporik eragin.
Gurutze Gorriak emandako eta Nafarroako Ospitaleko zuzendari Estrella Petrinak berretsitako lehen informazioen arabera, lau korrikalari eraman behar izan dituzte osasun-zentroetara, entzierroa amaituta, traumatismoak pairatu dituztelako.
Iturriak esan duenez, zaurituetako batek traumatismoa du buruan eta aurpegian, eta gainerakoek, aldiz, gorputz-adarretan.
Entzierroa hasi aurretik, 2010etik urtero uztailaren 10ean egiten dutenez, Daniel Jimeno gaztearen gurasoek semea ekarri dute gogora; izan ere, 2009ko laugarren entzierroan, duela 13 urte, Danielek adarkada jaso zuen, eta zendu zen ondorioz. 27 urte zituen.