Gizartea -
Eraso matxista
Emakume batek sexu-erasoa salatu du Tolosan
Tolosako Udalak eraso matxista hori arbuiatzeko elkarretaratzea deitu du uztailaren 11n 19:00etan Plaza Zaharrean.
EITB MEDIA
Emakume batek asteburuan Tolosan jasandako sexu-erasoa salatu du gaur. Hori dela eta, tokiko Udalak biktimari laguntzeko protokoloa martxan jarri eta gaitzespena adierazteko elkarretaratzea deitu du. Mobilizazioa uztailaren 11n izango da 19:00etan Plaza Zaharrean.
Tolosako Udalak jakinarazi duenez, Protokolo Mahaian dauden zerbitzuak gertatutakoaren jarraipena egiten ari dira eta prest daude biktimari behar duen laguntza guztia emateko.
"Udalak erasoa jasan duen emakumearen esku jarri ditu baliabide guztiak baita behar duen laguntza psikologikoa eta juridikoa ere, pertsona erasotua babestu eta arretarik egokiena emateko bere intimitatea eta borondatea hasiera-hasieratik errespetatuz", Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Ildo horretan, Tolosan "lekurik ez duten" eraso eta gertakari mota horien aurka lan egiten jarraitzeko konpromiso irmoa agertu du Udalak, eta herritarrei biharko elkarretaratzean parte hartzeko deia egin die, "publikoki emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko eta indarkeria sexistaren aurkako jarrera azaltzeko, indarkeria sexista desagerrarazteko behar beharrezkoa baita gizarte osoaren inplikazioa".