Gizartea -

KORONABIRUSA

Gora egiten jarraitzen dute ospitaleratzeek Euskadin, 707 pertsona baitaude gela arruntetan eta ZIUetan

Gela arruntetan % 33ko igoera izan da eta zainketa intentsiboetan, % 39koa. Bestalde, 26 pertsona hil dira azken astean, duela zazpi egun baino lau gehiago.

Osakidetzako osasun-langileak. Artxiboko argazkia: EFE.
Osakidetzako osasun-langileak
Osakidetzako osasun-langileak. Artxiboko argazkia: EFE.

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken astean Euskadin covid-19aren ondorioz izandako ospitaleratzeek gora egiten jarraitzen dute, eta dagoeneko 700 pertsona baino gehiago daude gela arruntetako eta zainketa intentsiboetako ospitaleratzeen artean. Zehazki, % 33ko igoera izan da gela arruntetan eta % 39koa, zainketa intentsiboetako unitateetan (ZIU).

Atzo, igandea, Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleetan, 675 pertsona zeuden ospitaleratuta, duela astebete baino 171 gehiago; eta 32, ZIUetan, duela zazpi egun baino bederatzi gehiago.

Gainera, 26 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz Euskadin uztailaren 4tik 10era, astebete lehenago baino lau gehiago. Guztira, 7.265 pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan covid-19aren ondorioz.

Euskadin koronabirusak duen eraginari buruzko asteroko buletinaren arabera, azken astean 9.531 positibo zenbatu dituzte; aurrekoan, 7.882 izan ziren. 27.236 proba diagnostiko egin dituzte, % 35eko positibotasunarekin.

Era berean, 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua ere modu iraunkorrean igo da asteko egun bakoitzean: uztailaren 4an, 612,12koa zen eta atzo, 793,95ekoa. 7 eguneko intzidentzia, oro har, 359,38tik 434,57ra igo da azken astean.

Tasen arrazoia, 7 egunetan, 1,21ekoa izan da, aurreko asteko 1,43aren aldean. 14 eguneko tasen arrazoia 1,30era jaitsi da, aurreko asteko 1,39arekin alderatuta.

Oinarrizko birsorkuntza indizea, covid-19aren hedapena neurtzen duena, 1,21etik 1,07ra jaitsi da. Lurraldez lurralde aztertuta, Arabak du R0 altuena (1,14), ondoren Gipuzkoa (1,06) eta Bizkaia (1,05) daude.

Adin-taldeen arabera, positiboen kopururik altuena, 113 kasu, 70 eta 79 urte bitartekoen artean detektatu dute. Intzidentzia handiena 80-89 bitartekoenen artean dago (2.086,52). Bestalde, positiboen kopuru eta intzidentzia baxuena 10-19 urte tartekoen artean eman da: 7 positibo azken astean, eta, 14 egunera, 76,84 kasu.

60 urtetik gorakoen arteko datuak

Bestalde, 6.327 positibo izan dira azken astean 60 urtetik gorakoen artean; hau da, egindako 14.823 probetatik % 41,7 positibo izan ziren. Gainera, 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 1.654,26 kasukoa da; aurreko astean, berriz, 1.249,66 kasukoa izan zen. 7 eguneko tasa ere 736,07tik 918,20ra igo da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa