Gizartea -
Protesta Diputazioaren aurrean
Iurretako familia bat desjabetu dezaketela salatu dute
Familia batek salatu duenez, etxebizitzatik kaleratzeko zorian dira, Lanbide martxan jarri eta espedienteak eskualdatu zirenetik ez dutelako Diru-sarreren Bermerako Errenta jaso.
Erredakzioa
Gaur goizean kontzentrazioa egin dute Bizkaiko Aldundiaren egoitzaren parean Iurretako familia bati elkartasuna adierazteko, izan ere, etxetik kaleratzeko zorian daude, Lanbide martxan jarri zenean Aldundiarekin espedienteak eskualdatzeko egindako prozesutik ez duelako Diru-sarreren Bermerako Errenta jaso. Bizkaiko 2.000 familia egoera berdinean daudela salatu dute, hori dela eta, espedienteak lehenbailehen berrikusteko eta laguntzak emateko eskatu dute.
Iurretako familiaren kasua 2011ko urrian hasi zen, aurretik oharrik jaso gabe, Miloudik, jatorri marokoarreko hiru seme-alaben aitak, diru-laguntza ez zuela jaso ikusi zuenean. Aldundira jo zuen eta bertan esan zioten gizarte laguntzailearekin zuen hitzordu batera ez joateagatik kendu ziotela, aurretik oharrik bidali gabe.
Hori horrela, hitzordu berri bat eskatu zuen laguntzailearekin eta horrek dokumentu gehiago eskatu zizkion. Miloudik astebetera entregatu zion dokumentua. Hala ere, ordurako abenduaren 15a zen, Lanbide martxan jarria zen eta Diru-sarreren Bermerako Errenta bere gain zegoen.
Aldundiko Gizarte Ekintzako zerbitzuek espedientea Lanbideren esku zegoela eta han konponduko zutela jakinarazi zioten. Hala ere, urtarrilerako hiru hilabete pasa ziren eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta ez zuen gehiago jaso. Ordutik, Lanbiden eta Aldundian bueltaka omen dabil konponbide eske.
Kaltetuak azaldu duenez, orain zorrak pilatzen ari zaizkio eta ezin dio etxearen 600 euroko alokairuari aurre egin. Hori dela eta, martxoan etxebizitzako jabearen oharra jaso zuen etxetik kaleratzeko bide judizialak abiatuko zituela jakinarazteko.
"Ia hamar urte daramatzat Euskal Herrian eta bost urtez egin dut lan. Baina krisiarekin ez dut lanik topatzen eta denbora daramat Lanbiden, baina ez dut lan eskaintzarik jaso. Nik ez dut diru-laguntzarik nahi, lan egin nahi dut bizi ahal izateko", adierazi du Miloudik.
Kontzentrazioan parte hartu duten kolektiboen arabera, Eusko Jaurlaritzak sustatutako murrizketen, eskumena INEMetik Lanbidera eskualdatzeko prozesuan emandako arazoen eta espedienteak Aldunditik Lanbidera pasatzerakoan izandako "kaosaren" ondorio da egoera hori.