Gizartea -

Istripua Nafarroan

Kamioilaria behin-behinean eta fidantzapean espetxera bidali dute, Sunbillako ezbeharra eragitea egotzita

Konkretuki, epaileak 12.000 euroko fidantza ezarri dio. Auzipetua kontrako erreian sartu zen, eta 58 urteko motozale irundarraren aurka aurrez aurre talka egin zuen.

Sunbillako ezbeharra. Argazkia: Nafarroako suhiltzaileak
Sunbillako ezbeharra. Argazkia: Nafarroako suhiltzaileak
Sunbillako ezbeharra. Argazkia: Nafarroako suhiltzaileak

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteazkenean, N-121-A errepidean, Sunbillan (Nafarroa), kontrako noranzkoan zihoan eta motor-gidari irundarraren aurka aurrez aurre talka egin zuen kamioilaria espetxera bidali du Iruñeko Instrukzio-epaitegiak. Konkretuki, behin-behineko espetxealdia ezarri dio, 12.000 euroko fidantzapean.

Gainera, epaileak ibilgailua eta gidabaimena atxiki dizkio, kamioiaren gidariak gutun berdea (nazioarteko aseguru ziurtagiria) iraungita ote duen egiaztatzeko "beharrezko denboran".

Epaileak Txekiar Errepublikako kamioilariari arduragabekeria larriko homizidioa leporatu dio.

Fiskaltzak behin-behineko espetxealdia eskatu du, baina fidantzarik earri gabe. Defentsak, ostera, aske uztea erreklamatu du.

Ebazpen judizialean, gidariari arduragabekeria larriko homizidio delitua leporatzeko "nahikoa zantzu" daudela azaldu du epaileak. Espetxeratuari 1 eta 4 urte arte kartzela-zigorra ezarri diezaiokete.

Foruzaingoaren txostenak argitu duenez, ezbeharra lanak zeuden tarte batean gertatu zen. Bidea hartzeko zalantzak izan, kontrako erreian sartu  eta 58 urteko motozale irundarraren aurka aurrez aurre talka egin zuen inputatuak, ebazpenaren arabera. Motor-gidaria errei zuzenetik zihoan; kamioiko gidaria, aldiz, kontrako noranzkoan.

Kriminalitate zantzuei dagokienez, behin betiko txostenaren zain, epaileak uste du 60 kilometro orduko tarte batean kamioiak 105 kilometro orduko abiadura harrapatu zuela.

Atxilotuak deklaratzeari uko egin dio; beraz, bere bertsioa ezagutzea ezinezkoa izan da, epaileak azaldu duenez.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Gipuzkoa Nafarroa Delituak Gizartea Eguneko albisteak Irun Albisteak Trafiko-istripu hilgarriak