Gizartea -

Bero bolada

Bero kolpeari aurre egiteko gomendioak

Bero kolpea saiheste aldera, beroaldiak gure gorputzean eragindako zantzuak identifikatzea funtsezkoa da. Horretan laguntzeko, Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko buruak zenbait aholku eskaini dizkigu.

Emakume bat, urarekin freskatzen. Argazkia: EFE
Emakume bat, urarekin freskatzen. Argazkia: EFE
Emakume bat, urarekin freskatzen. Argazkia: EFE

play icon 29:53

T.S.J. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

300 lagun baino gehiago hil dira uztailaren 10az geroztik Espainiar Estatuan azken beroaldiaren ondorioz, Espainiako Osasun Ministerioaren datuen arabera.

Bero-bolada gutxienez beste 24 orduz luzatuko delakoan, bero-kolpeak saihesteko, identifikatzeko eta horiei aurre egiteko gomendioak luzatu dizkigu igande honetan Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko buruak Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan:

BERO KOLPEA EKIDITEKO GOMENDIOAK

1-Ariketa fisikorik ez egitea, 12:00etatik 19:00ak arte bereziki.

Egitekotan, eta bero-kolpearen sintomaren bat nabarituz gero, lehenbailehen ariketa egiteari uztea, "konortea galdu aurretik, gorputzak abisuak ematen dizkigulako".

2-Itzalpean egotea, batez ere eguzkiak gehien jotzen duen orduetan (12:00etatik 19:00ak arte).

3-Eguzkipean egon behar izanez gero, burua estalita eramatea.

4-Likidoak etengabe hartzea (alkoholik edota azukrerik gabekoak, hidratatzen laguntzen ez baitute).

5-Talde zaurgarrienetako pertsonak zaintzea, hala nola, adinekoak eta haurrak.

BERO KOLPE MOTAK

-BERO KOLPE AKTIBOA: ariketa fisikoa egiten ari diren pertsonak izerdiarekin berotasuna kendu ezin dutenean gertatzen da. Arestian aipatu bezala, aholkua da ariketa fisikoa egiteari uztea eta jarraian freskatzen saiatzea.

-BERO KOLPE PASIBOA: adinagatik (umeei, adinekoei) edo zenbait sendagaien erabilpenagatik izerditzeko gaitasun txikiagoa duten pertsonei gertatzen zaien bero-kolpe mota da.

BERO KOLPEA IDENTIFIKATZEKO ZANTZUAK ETA ZELAN AURRE EGIN

-Bero kolpeak honako sintoma hauek eragiten ditu, besteak beste: botalarria, buruko mina, ondoeza, zorabioak nahiz konortea galtzea.

-Horrelako sintomaren bat sufrituz gero, pertsona hori gerizpean jarri, eremu fresko batean, ahal bada, airearekin, edateko zerbait eman (botaka egiten ez badu), eta berotasuna arinago gal dezan, zapi hotzak jarri buruan, galtzarbetan eta lepoan.

-Bero kolpea pairatu duen pertsonak hobera egiten ez badu, larrialdi zerbitzuetara jo.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alerta meteorologikoak albisteak Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Euskadi Irratia Udako albisteak Bero-boladak azken ordukoa Bizimodu osasungarriari buruzko albisteak