Gizartea -

Medikuntza

EHUk metastasi hepatikoaren aurka garatutako nanopartikula bat probatuko dute Estatu Batuetan

Saguekin probatu dute EHUko ikertzaile talde batek garatutako nanopartikula, eta metastasi hepatikoa % 80 murriztea lortu dute.

EHUko Signaling Lab taldeko ikertzaileak. Argazkia: Laura Lopez (EHU)
EHUko Signaling Lab taldeko ikertzaileak. Argazkia: Laura Lopez (EHU)
EHUko Signaling Lab taldeko ikertzaileak. Argazkia: Laura Lopez (EHU)

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikertzaile talde batek, Alejandro Sanchez Santiago de Compostelako Unibertsitateko irakaslearekin lankidetzan, metastasi hepatikoaren aurka garatutako nanopartikula probatuko du Ameriketako Estatu Batuetako Osasun Institutu Nazionalak.

Unibertsitateak ohar bidez jakinarazi duenez, Iker Badiola Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasleak zuzentzen duen EHUko Signaling Lab minbiziaren ikerkuntzarako dibisioak, nanopartikula horrekin, metastasi hepatikoa % 80 murriztea lortu du saguekin egindako probetan.  

Urtean, metastasi hepatikoaren 1.500.000 kasu inguru izaten dira munduan, 800.000 koloneko minbiziak eragindakoak eta 700.000 gibeleko minbiziaren ondoriozkoak.

Formulazioa Estatu Batuetako Osasun Institutu Nazionaleko (National Institute of Health) Minbiziaren Institutu Nazionalaren (National Cancer Institute) azterketa aurreklinikoen programara aurkeztu zuten, eta hautatu egin dute laborategi homologatuetan proba aurreklinikoak egiteko, "hautaketa-prozesu zorrotz bat gainditu ondoren".

Nanopartikularen sortzailea ez ezik, Nanokide Therapeutics SLren bazkide sortzaile ere baden Iker Badiola irakasleak lorpenaren garrantzia azpimarratu du, bai alderdi zientifikotik, bai enpresarialetik: "Ikuspuntu zientifikotik, munduko erakunde zientifiko garrantzitsuenetako batek bermatu du, eta, enpresaren ikuspegitik, Nanokide Therapeutics SLren proiekzioa bultza dezakeen kalitate-ziurtagiria da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak EHU Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Zientziaren hedapena Sendagaiak