Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

49 urteko gizon bat espetxeratu dute Leioan izandako bi sexu-eraso leporatuta

2015ean eta 2017an izandako bi sexu-eraso egozten dizkio Ertzaintzak. Biktimak emakume bat eta adin txikiko neska bat dira. Bi kasuon ikerketetan semen-lagin bana jasota zituen polizia zientifikoak, eta, orain, horiek atxilotutako gizonezkoarenarekin bat datozela baieztatu dute.

49 urteko gizon bat kartzelaratu dute 2015ean eta 2017an Leioan egindako sexu-erasoak leporatuta

01:16

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

49 urteko gizonezko bizkaitar bat espetxeratu dute, Leioan 2015ean eta 2017an izandako bi sexu-erasoren egilea delakoan. Joan den asteartean atxilotu zuten Loiuko aireportuan, eta, epailearen aurrean deklaratu ondoren, atzo espetxean sartu zuten.

Biktimak emakume bat eta adin txikiko neska bat dira. Horiek jarritako salaketen ondotik ikerketa bana zabaldu zuten, eta, polizia zientifikoak baieztatu duenez, bi kasuetan jasotako semen-laginak atxilotutako gizonarenarekin bat datoz.

Ertzaintzak ohar bidez jakitera eman duenez, azken urteotan dozena bat gizonezko ikertu dituzte biktimek emandako ezaugarri fisikoak kontuan hartuta. Halere, joan den igandean adin txikiko beste neska batek sexu-erasoagatik jarritako salaketak lagundu du ikerketak argitzen.

Azken salaketa horrekin lotuta gizon bat atxilotu zuten, eta haren ezaugarriek bat egiten zuten Ondiz auzoko erasoen biktimek adierazitakoekin. Atxilotutako gizonaren etxea eta kotxea miatu zituzten, eta 2015eko eta 2017ko erasoekin zerikusia izan zezakeela ondorioztatu zuten bertan aurkitutako materiala aztertu ondoren.

Azterketa genetikoa egin zioten gizonezkoari, eta horren emaitzek ekarri dute baieztapena: Leioan izandako sexu-erasoetan jasotako semen-laginetako DNA atxilotutako gizonarena da, ikertzaileen arabera.

Hala, asteartean atxilotutako gizonezkoak Getxoko Instrukzio Epaitegian deklaratu ondoren, epaileak haren behin behineko espetxeratzea agindu zuen.

Bien bitartean, Ertzaintza beste sexu-eraso batzuk ikertzen ari da, eta ez du baztertzen asteon espetxeratutako gizonak horiekin zerikusia izatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Leioa Albisteak Matxismoa Sexu erasoak