Gizartea -

Epaiketaren hirugarren eguna

Auzitegiko medikuek ezin izan dute zehaztu Lavandera jazarri ote zuten

Asier Lavanderari emandako labankadak bi alditan eman zizkiotela egiaztatu dute, baina ezin izan dute zehaztu tartean jazarpenik egon ote zen.

Asier Lavandera gaztearen hilketaren epaiketako irudia. EITB
Lavanderaren heriotzean jazarpenik egon ote zen ezin izan dute zehaztu

01:13

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asier Lavandera gazteari autopsia egin dioten medikuek egiaztatu egin dute labankadak bi alditan eman zizkiotela, baina ezin izan dute zehaztu bitartean jazarpenik egon ote zen.

Lekunberrin, diskoteka baten atarian, hil zuten Asier Lavandera, 2010ean, labankadaz. Hilketaren egilea izatea egotzita, Sergio Fernando R.S., "El Portu" epaitzen ari dira Iruñean, eta, gaurkoan, epaiketaren hirugarren egunean, auzitegiko medikuen txanda izan da.

Lavanderak guztira bost labankada hartu zituela azaldu dute medikuek, eta balitekeela zauriak Guardia Zibilak akusatuari atzeman zion labanarekin eginak izatea. Gaztearen heriotza labankada horiek eragindako hemorragia masiboak eragin zuela gaineratu dute medikuek.

Medikuek frogatutzat jo dute zauriak bi alditan egin zizkiotela, baina ezin izan dute zehaztu leku berean egin zizkioten, eta tartean jazarpenik egon ote zen. Erasoa aurrez pentsatuta egin zela frogatuko luke jazarpenak. Dena den, zaurietako bat ''ezohikoa'' dela esan dute, besteek ez duten norabide bat baitu.

Medikuek ''posible'' ikusten dute Lavanderak ehun bat metro egin izana korrika.

Beste testigantza batzuk

Defentsako lekukoek ere hitz egin dute gaurko saioan. Akusatuarekin orain hamar urte harrera etxe batean bizi izan zen moja baten testigantza entzun da epaiketan, eta ''mutil normala'' zela esan du. ''Momentu onak zituen arren, agintea gustuko zuen eta agresiboa zen'', haren hitzetan.

Etxebizitza horretan akusatuarekin egon ziren hezitzaileen ustez, ume ''alaia eta eskuzabala'' zen, baina ''diziplinarik gabeko izaera'' zuen.

Harrera etxeko psikologoaren ustez, berriz, agerikoa zen akusatuak ''mehatxu gisa identifikatzen zituen egoeren aurrean kontrola mantentzeko zailtasuna'' zuela, eta ''eztanda'' egiten zuela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea