Gizartea -
Migrazioaren drama
1.500 migratzaile baino gehiago heldu dira azken orduetan Italiako kostaldeetara
Gainera, bost hilotz aurkitu dituzte erreskatatutako ontzi baten barruan. Espainiar estatuan, gutxienez, beste 15 migratzaile iritsi dira Cadizeko eta Mallorcako kostaldeetara.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
1.500 migratzaile baino gehiago heldu dira azken orduetan Italiako kostaldeetara. Erreskatatutako ontzien artean, arrantzarako ontzi batean, alegia, migratzaileren bost gorpu aurkitu dituzte. 74 lagun zeramatzan ontzia Calabriatik 124 miliara aurkitu du Itsas Guardiak, eta, horien barruan, bost migratzaile hilik zihoazen, iturri ofizialek jakinarazi dutenez. Gainera, Sea Watch 3 eta Ocean Viking ontziek 500 migratzaile baino gehiago ere erreskatatu dituzte.
Lampedusa irlaren erdiguneko jende-pilaketak eta zaborrak jotako 2.000 pertsonatik gora zeuden han, eta, ondorioz, duela astebete, Itsas Marinak 600 bat migratzaile eraman behar izan zituen ontziz beste hirietara.
Afrikatik gertuen dagoen irla da Lampedusa, eta etengabe ari dira migratzaile-ontziak heltzen. Sarritan, Itsas Guardiak atzematen ditu ontzi horiek, beste askotan, ordea, migratzaileak Lampedusako hondartzetara iristen dira zuzenean.
Espainiar estatuan ere amaigabea da migratzaileen iritsiera. Igande honetan kayak batean zihoazen Magrebeko hiru migratzaile (bi gizon eta adingabe bat) erreskatatu ditu Itsas Salbamenduak Cadizen.
Bestalde, pateraz iritsitako beste 12 migratzaile atzeman ditu Guardia Zibilak Mallorcako Sa Rapita udalerrian. Denak onik daude.