Gizartea -
Koronabirusa
Pandemiaren datu guztiek egin dute hobera, heriotzenak izan ezik: 47 hildako, azken astean
Aurreko astean baino hamar lagun gehiago zendu dira EAEn covid-19agatik. 550 lagun daude ospitaleratuta koronabirusa tarteko, duela zazpi egun baino 111 gutxiago, eta 26, ZIUan, zortzi gutxiago. Intzidentzia ere jaitsi da, eta 469,99an kokatu. Hilaren 18tik, 4.072 positibo zenbatu dituzte.
EITB MEDIA
EAEn, 2022ko uztailaren 18an hasitako astean, pandemiaren gaineko datu guztiek egin dute hobera, heriotzenak izan ezik, astelehen honetan, hilak 25, Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera. Hala, azken zazpi egunotan, 47 lagun zendu dira covid-19agatik Euskadin, hau da, aurreko astean baino hamar gehiago.
Astelehen honetan zabaldutako datuek diotenez, 550 lagun daude egun ospitaleratuta koronabirusa tarteko, duela zazpi egun baino 111 gutxiago, eta 26, ZIUan, zortzi gutxiago. Intzidentzia ere jaitsi da, eta 469,99an kokatu. Hilaren 18tik, 4.072 positibo berri zenbatu dituzte.
Ehunekotan, ospitaleratutako lagunen kopuruak % 18 egin du behera, eta ZIUan dauden pazienteenak, aldiz, % 34. Kasu berriak 2.756 gutxiago izan dira aste honetan; izan ere, aurrekoan 6.828 izan ziren. Horrek esan nahi du % 41 jaitsi dela adierazle hori.
Uztaileko azken buletin epidemiologikoaren datuen arabera, intzidentzia metatua ekainaren amaieratik lehen aldiz kokatu da 500 puntuetatik behera. Duela zazpi egun, 511 puntukoa zen.
Intzidentzia metatuaren gaineko datuan 60 urtetik gorako pertsonak soilik izango bagenitu kontuan, ondorioa litzateke tasa 1.027,76koa dela; azken astean zehar, 500 puntutik gorako beherakada izan da adierazle horretan.
Horrez gain, oinarrizko ugalketa-kopurua, hau da, covid-19a duen gaixo batek zenbat pertsona kutsatzen dituen zehazten duen datua, une honetan 0,83koa da Araban, 0,79koa Bizkaian eta 0,74koa Gipuzkoan. Duela astebeteko datuekin alderatuta, ia ez da aldaketarik izan, eta astean zehar ere antzera ibili da. Euskadi mailan, 0,78an dago.