Gizartea -

Sua Nafarroan

Zarrakazteluko sutea kontrolpean dute

Gauean, suhiltzaile-talde bat soilik geratuko da eremuan, egunean zehar, aireko baliabideek lan egiteari pixkanaka utzi ondoren.

Sutea Zarrakaztelun (Nafarroa). Irudia: EITB Media
Sutea Zarrakaztelun (Nafarroa). Irudia: EITB Media
Sutea Zarrakaztelun (Nafarroa). Irudia: EITB Media

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehenean, Zarrakaztelun (Nafarroa) piztutako sutea kontrolpean dute dagoeneko aldeko baldintza meteorologikoei eta lurreko zein aireko baliabideen lanari esker, arratsaldeko azken orduan jakitera eman dutenez.

Foru Gobernuko iturriek azaldu dutenez, goizean sutea egonkortu ondoren, arratsaldean ez da berriz bizitu. Beraz, lanean ari ziren suhiltzaileek pixkanaka alde egin dute, baita Nafarroako Gobernuaren aireko baliabideek ere.

Foru Exekutiboko hiru helikopteroak bakarrik ari ziren arratsaldean, sua itzaltzeko lanean, Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren bi hegazkinek Agoncillon (Errioxa) eguerdian lur hartu ondoren, baita Zaragozako eta Torrejoneko (Madril) bi Foca hegazkinek ere.

Horrela, gauean, suhiltzaile-talde bat soilik geratuko da eremuan zaintza lanak egiteko.

Arratsaldeko lehen orduan, NA-128 (Zarrakaztelu-Figarol) errepidea berriro ireki dute, astelehenean itxi behar izan ondoren, SOS-Navarrako iturriek jakitera eman dutenez.

Gainera, Nafarroak Baso suteen Babes Zibileko Larrialdi Egitasmoaren alerta maila jaitsi du. Infona Plana 1 mailan zegoen uztailaren 11tik, baina, astelehenean, 2ra igo zuten Zarrakazteluko sutearengatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Suteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Suhiltzaileak