Gizartea -
Osasuna eta ikerkuntza
Bartzelonako paziente batek 15 urte daramatza GIBa kontrolatzen sendagairik hartu gabe
Ezohiko kasua da. Emakumea ez dago erabat sendatuta birusak bere barruan jarraitzen duelako, baina bere sistema immunitarioa gai da sendagairik hartu gabe hiesaren erreplikazioa gelditzeko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bartzelonako paziente batek 15 urte daramatza Giza Immunoeskasiaren Birusa (GIB) inolako sendagairik hartu gabe kontrolatzen. Sendatze funtzionalaren lehen kasua da munduan, eta Bartzelonako Clinic Ospitalean ari dira ikertzen.
Berlinen eta Londresen GIBa zuten bi paziente erabat sendatu ziren, zelula amak transplantatzerakoan birusa desagertu zelako. Baina kasu hau bestelakoa da.
Bartzelonako pazientearen sendatzea "funtzionala" izan da, birusak bere barruan segitzen duelako. Alabaina, bere sistema immunitarioa gai da hiesaren hedapena ekiditeko, 15 urte botikarik hartu gabe daramatzan arren.
Duela 15 urte baino gehiago antzeman zioten GIBaren infekzioa, eta, bederatzi hilabetez, tratamendua eman zioten antirretrobiralekin, entsegu kliniko batean. Halaber, hainbat ebakuntza egin zizkioten.
Antirretrobiralen bidez, birusa gorputzean zabaltzea eta beste pertsona batzuk kutsatzea saihesten da. GIBaren maila odolean horrenbeste murrizten da, ezen ezinezkoa izaten baita analisi arrunt batekin detektatzea.
Hala ere, birusak ezkutuan jarraitzen du, eta, tratamendua etetean, berriro zabaltzeko eta pazienteari min egiteko ahalmena izaten du. Aitzitik, pertsona gutxi batzuk, tartean Bartzelonako pazientea, gai dira birusa kontrolatzeko medikamenturik hartu gabe.
Berlingo eta Londreseko kasuetan, pazienteak erabat sendatu ziren, baina beste faktore batzuk egon ziren horren oinarrian: alde batetik, birus akastuna zutela, eta bestetik, linfozito mota bati aurre egiteko sistema immunitario indartsua zutela.
"Bartzelonako kasua salbuespena da, pertsona oso gutxi direlako gai birusa tratamendurik gabe hainbeste denboran kontrolatzeko eta orain arte ez dugulako inoiz ikusi horrelako mekanismorik birusa menderatzeko", azaldu du Josep Mallolas Clinic Ospitaleko GIB unitateko buruak.
Bartzelonako pazienteak berez ez du birusa kontrolatzeko faktore genetikorik eta barruan daraman GIBa gai da hedatzeko, akatsik ez duelako.
Ikertzaileek GIBa kontrolatzea lortzen duten zelula taldeak identifikatu dituzte, eta paziente horri egindako analisietan ikusi dute ohi baino gehiago dituela. Gauzak horrela, zelula horiek birusaren hedapena blokeatzen dutela uste dute.
Ikertzaileen helburua orain paziente horren sistema immunologikoa zehatz-mehatz ezagutzea izango da, ikerketa bide berriak irekita, hiesa duten beste paziente batzuei laguntzea posible ote den argitzeko.