Gizartea -
eguraldia
Uda giroa, abuztuari ekiteko
Garai honetako berezko eguraldia izango dugu lagun hileko lehen astean, eta tenperatura maximoak 40 °C-ra ere hurbil litezke barnealdean.
i.l.k. | eitb media
Aste hasierarekin batera, abuztua ere iritsi zaigu, eta garai honetako berezko eguraldi udatiarra izango dugu lagun Euskal Herri osoan, barnealdeko zenbait puntutan tenperatura maximoak 40 ºC-ra ere hurbilduko direlarik.
Euskalmeten iragarpenaren arabera, astelehenean giro lasaiak jarraipena izango du, eta tenperaturak goranzko bidean jarraituko du. Barnealdean, 28-30 ºC-ak gaindituko dira, eta, hegoaldean, balio altuenak 35 ºC-ra hurbilduko dira. Kostaldean, aldiz, maximoak 25 ºC-ren bueltan geldituko dira.
Ipar partean, goizean, behe-hodei batzuk agertuko dira, baina, gainerakoan, ostarte zabalak gailenduko dira. Goizean, haize aldakorra ibiliko da, eta, eguerditik aurrera, kostaldetik hasita, haizeak iparraldera egingo du.
Asteartean, beroa izango dugu hizpide. Kostaldean maximoek 25 ºC-ak oso erraz gaindituko dituzte, eta, barnealdeko hainbat lekutan, balio altuenak 35-36 ºC-ra hurbil daitezke; hegoaldean, tenperatura are gehiago igoko da.
Eguna eguzkitsua izango da, baina, arratsaldean, bero-hodeiak ugarituz joango dira, eta, arratsalde-gau partean, barnealdean, zaparradaren bat bota dezake. Goizean, barnealdean, hego ukituko haizea ibiliko da; eguerditik aurrera, kostaldean, brisa ibiliko da, eta, arratsaldean, gainerako lekuetara zabal daiteke.
Uneoro, eguraldiari buruzko informazio gaurkotua kontsulta dezakezu eitb.eus-en, edo zure argazkiak bidali.