Gizartea -

Eguraldia

Baso suteak izateko arriskua muturrekoa da gaur Nafarroa osoan

Nafarroako Babes Zibil eta Larrialdietako Zerbitzuak suteak eragin ditzaketen jarduerak saihestea gomendatu du. Era berean, Erriberan alerta laranja ezarri dute beroagatik, termometroak 39 °C-ra igo daitezke eta.

Suak kiskalitako eremu bat, Nafarroan, uztaileko argazki batean. Argazkia: EITB Media
Suak kiskalitako eremu bat, Nafarroan, uztaileko argazki batean.
Suak kiskalitako eremu bat, Nafarroan, uztaileko argazki batean. Argazkia: EITB Media

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aemet Espainiako Meteorologia Agentziaren arabera, baso suteak pizteko arriskua "muturrekoa" da gaur Nafarroa osoan, hortaz, suteak eragin ditzaketen jarduerak saihestea gomendatu du Nafarroako Babes Zibil eta Larrialdietako Zerbitzuak. 

Tenperaturak oso altuak espero dituzte Foru Erkidegoan, eta Erriberan alerta laranja ezarri dute, maximoak 39 ºC-raino igo daitezke eta. Erkidegoaren erdialdean eta Pirinioetan abisu horia aktibatuko dute beroagatik, 35 eta 37 gradu bitartekoak izango baitira beroenak. 

Aholkuak

Horren ildoan, suteak prebenitzeko gomendioak ere ekarri ditu gogora SOS Nafarroak. Besteak beste, zigarro muturrak eta poxpoloak autoko leihotik ez botatzea eta mendian beirazko produktuak eta botilak ez uztea gomendatu du. 

Sutea egotekotan, landaretzarik gabeko gune baterantz urruntzeko aholkatzen da, beti beherantz. Haizeak nondik jotzen duen, kontrako noranzkoan mugitzea eta troketara edo irteerarik gabeko sakanetara ez joatea gomendatu dute. 

Garretatik ihes egiterik ez badugu, honakoa da gomendioa: basoko soilgune batera edo jada erretako gune batera joatea, zulo bat egitea, buruz behera jartzea eta burua eta gorputza lurrez edo arropa bustiz estaltzea.  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Suteak Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Bero-boladak 112 SOS Deiak