Gizartea -
eguraldia
Giro eguzkitsua datorkigu abuztuko lehen asteburuan
Epel egongo da oro har, barnealdeko zenbait puntutan udako beroa egingo duen arren.
i.l.k. | eitb media
Abuztua ondo estreinatzeko, tenperaturen gorakadarekin abiatuko dugu asteburua Euskal Herri osoan, Euskalmeten iragarpenaren arabera. Hala, tenperatura maximoak epelak izango dira oro har, 30 ºCen azpitik; barnealdean, berriz, beroagoak.
Larunbatean tenperaturak gora egingo du berriro. Barnealde osoan maximoak 30 ºC-tik gora egongo dira eta Nafarroa hegoaldean, berriz, 35 ºC-ren bueltan; kostaldean 30 ºC-tik behera geratuko dira.
Zerua hodei gutxirekin egongo da; goizean behe-hodei batzuk izan daitezke ipar partean eta arratsaldean bero-hodeiak ugarituko dira barnealdean. Ez da baztertzen arratsaldean eta barnealdean ekaitzen bat izan daitekeenik. Arratsaldean, berriz, ipar-haizea ibiliko da.
Igandean giro eguzkitsua eta beroagoa izango dugu. Goizean zeruan hodei gutxi izango dira, arratsaldean bero-hodeiak agertuko dira, eta baliteke egunaren amaieran barnealdean ekaitzak jotzea.
Ipar-haizea ibiliko da berriro eta, hala, kostaldean 30 ºC azpitik geratuko da tenperatura. Gainerako zonaldeetan, ordea, gehiago berotuko du.
Uneoro, eguraldiari buruzko informazio gaurkotua kontsulta dezakezu eitb.eus-en, edo zure argazkiak bidali.