Gizartea -

Energia aurrezteko neurriak

Tenperatura mugatzetik edo argiak itzaltzetik libratuko diren tokiak

Osasun zentroak; ikastetxeak, unibertsitate edo haurreskolak; ileapaindegiak, garbitegiak, gimnasioak, trenak, hegazkinak, aireportuak, ontziak… neurrietatik at geratu dira. Monumentuen argi apaingarrietan ere ez dira aplikatuko.

Bilboko geltoki intermodala. Argazkia: EFE
Bilboko geltoki intermodala. Argazkia: EFE
Bilboko geltoki intermodala. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osasun zentroak eta ospitaleak; hezkuntza zentroak (ikastetxeak, unibertsitateak edo haurreskolak); ileapaindegiak, garbitegiak, gimnasioak eta garraioek (trenak, hegazkinak, aireportuak, ontziak…) ez dute tenperatura mugatu beharko, udan 27 gradutik ez jaisteko, eta neguan 19 graduak ez gainditzeko.

Era berean, sektorearen berezitasunek salbuespena beharrezkoa egiten duten lantokietan ez dute tenperatura mugatu beharko, ezta araudi pribatuaren menpe dauden lekuek ere, hoteletako logelek, esaterako. Hoteletako gainerako tokietan (adibidez, jatetxe, taberna, espazio komunak), aldiz, neurriak aplikatu dira.

Gainera, Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroak zehaztu duenez, tabernek eta jatetxeek aire girotua "25 gradu ingurura" mugatzeko aukera izango dute, lan legediaren gomendioak kontuan hartuz, nahiz eta energia aurrezteko dekretuak 27 gradu aurreikusi.

Zentzu horretan, 27 graduak "malgutasunarekin" aplikatuko dituztela argitu zuen ministroak. Diskotekak, sukaldeak eta gimnasioak adibide bezala jarri zituen, eta bestelako tenperatura bat behar dutela erantsi zuen, liburutegi batek ez bezala.

Horregatik, saltokiek eta establezimenduek, tenperaturaren muga aplikatzen ez denean, erabakia justifikatu beharko dute. Horrela, beharginen laneko osasuna babesteko malgutasuna barneratu du lege-dekretuak.

Erakusleihoen argiak itzaltzeari dagokionez, erakusleihoek eta hutsik dauden eraikin publikoek soilik itzali beharko dituzte 22:00etatik aurrera.

Horrela, ez zaie monumentuen argi apaingarriei aplikatuko (ordu horretarako hutsik dauden eraikin publikoak direnean salbu).

Kartelak, seinaleak eta pantailak

Bestalde, kartelak, seinaleak eta pantailak jartzeko betebeharrari dagokionez, aire girotuaren mugak aplikatzen diren tokietan jakinarazi beharko dute (termometroak ikusgai egon behar dira eraikineko erabiltzaileentzako).

Irailaren 2tik aurrera sartuko da araudia indarrean, eta, printzipioz, 2023ko azaroaren 1era arte izango da indarrean.

Ateak ixteko sistema egokia

Azkenik, ateak ixteko sistema egoki bat izan beharko dute kaletik sarrera duten eraikinek eta lokalek, baina establezimenduek egokitzeko tartea izango dute irailaren 30era arte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Elektrizitatea Gasaren krisia Europan Energia aurreztea Energia