Gizartea -

Eguraldia

Tenperaturak nabarmen jaitsiko dira gaur kostaldean, baina hegoaldean sargori egingo du

Ia Nafarroa osoa eta Ipar Euskal Herria alerta laranjan daude beroagatik. Araba, aldiz, abisu horian. Baso suteen arriskua ere nahiko altua da; "muturrekoa" Nafarroan.

Hainbat lagun freskatzen, Bilbon. Argazkia: EFE
Hainbat lagun freskatzen, Bilbon.
Hainbat lagun freskatzen, Bilbon. Argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea O. | EITB media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tenperaturak nabarmen jaitsiko dira kostaldean, eta barnealdean behera egingo badute ere, jaitsiera ez da horren bistakoa izango. Hala, 35-37 ºC inguruan egongo dira EAEko barnealdean, eta are gorago, 39 ºC-ra arte izango dute Nafarroa erdialdean eta Erriberan.

Hori horrela, beroagatik alerta laranja ezarri du Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak foru erkidegoaren erdialdean, Pirinioetan eta Erriberan. Ipar Euskal Herrian ere alerta laranja dago muturreko tenperatura altuengatik. Araba ia osoan (erdialdean eta Arabako Errioxan) abisu horia ezarri du Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, baita baso sute arriskuarengatik ere. Nafarroa ipar eta erdialdean "muturrekoa" da suteak pizteko arriskua.

Iragarpenaren arabera, tenperaturek behera egingo dute Kantauri isurialdean. Haizeak mendebaldetik joko du kostaldean, eta hegoaldetik, barnealdean; nahiz eta arratsaldean aldatu eta iparraldetik jo.

Tenperatura minimoa 19 gradukoa izango da Donostian eta Iruñean; 20 ºC-koa, Bilbon eta 17 ºC-koa, Gasteizen. Bestalde, 26 graduko tenperatura maximoa espero da Gipuzkoako hiriburuan; 28koa, Bizkaikoan; 37, Arabakoan eta 40, Nafarroakoan.

Larunbatean, zeru garbiak espero dira goizean, baina arratsaldean, hodeiak ugarituko dira eta, litekeena da, ekaitzak sortzea. Tenperaturek behera egingo dute, eta haizeak mendebaldetik joko du kostaldean eta hegoaldetik gainerakoan. Dena dela, Araba erdialdean eta Ebro ondoko eremuan (Arabako Errioxa) abisu horia egongo da indarrean beroagatik eta baso sute arriskuagatik.

Nafarroa oskarbi edo hodei gutxirekin esnatuko da ostiral honetan, baina egunaren azkenean behe hodeiak ugarituko dira ipar-mendebaldean. Eguerdian bero-hodeiak agertuko dira, eta ezin da baztertu han-hemenka zaparradaren bat botatzea edo Pirinioetan ekaitzak jotzea.

Tenperatura minimoek ez dute aldaketa esanguratsurik izango, Erriberan izan ezik, gora egingo baitute. Bestalde, ipar-mendebaldean jaitsi egingo dira.

Tenperatura maximoek, aldiz, nabarmen behera egingo dute Kantauri isurialdean, igo egingo dira hego-mendebaldean, eta gainerakoan, ez dute aldaketa handirik izango. Nafarroa erdialdea eta Erribera abisupean egongo dira, 38 ºC-ko maximoak espero baitira.

Haizeak ahul joko du hego eta hego-ekialdetik, eta arratsaldean, ipar eta ipar-mendebaldetik, Foru Erkidegoko hegoaldean zakarrago ibiliko delarik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Iparraldea albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Bero-boladak Lehortea