Gizartea -
Eguraldia
Abisu horia euriteengatik arratsaldera arte
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du prezipitazio ugari eta iraunkorrengatik osteguneko 18:00ak arte, eta abisua indarrean da Nafarroan osteguneko 15:00ak arte; Ipar Euskal Herrian, ekaitz arriskuagatik ezarri dute abisu horia.
EITB Media
Azken bi hilabeteotan oso gutxi bota du Euskal Herrian, baina, asteazken honetan, bueltan izan da euria, eta, gainera, nabarmen busti du. Hala, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak indarrean du, eguerditik, abisu horia euriagatik, kontuan izanik aukera dagoela 24 ordutan metro koadroko 60 litrotik gora pilatzeko. Hala, osteguneko 18:00etara arte luzatu du asteartean iragarritako abisua.
Nafarroa, asteazkeneko 18:00etatik osteguneko 15:00etara arte, abisupean izango da, euriagatik ere, eta Ipar Euskal Herrian, osteguneko 06:00etara, ekaitz elektrikoak izateko arriskuagatik ezarri dute abisu horia.
Asteazken eguerdian, hiru abisu hori sartu dira indarrean: zaparrada handiengatik, zaparrada iraunkorrengatik, eta itsasaldeko arriskuagatik. Olatuak bi metrotik gorakoak izan litezke, eta, eguneko azken orduetan, baliteke itsaski handia eragitea, itsaso zakarreko guneekin.
Iragarpenaren arabera, asteazkeneko eguerditik, zaparrada ertainak izango ditugu, eta Gipuzkoako eta Bizkaiko puntu batzuetan, ekaitzak jo lezake, eta zaparrada handiak izan litezke. Bi lurralde horietan, baliteke ordubetean metro koadroko 15 litro baino gehiago botatzea, itsasaldean batez ere. Ostegunean, handiagoak izango dira zaparradak; kostaldean, 20 litrotik gora bota litzake.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, asteazkenean izango dugun eguraldi aldaketa ostegunean izango da nabariagoa; egun horretan, zaparradak handiagoak izango dira, eta mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko haizea biziago ibiliko da. Tenperaturak freskoak izango dira, eta giroa, desatsegina.
Ostegunak aurrera egin ahala, prezipitazioak txikiagoak izango dira, kantaurialdeko ekialdean izan ezik; han, denbora luzeagoa beharko dute euria egiteari uzteko.
Ostiralean, orduek aurrera jo ahala, egoerak hobera egingo du. Goizaldean eta lehen orduetan, lainotuta egongo da, eta kantaurialdeko ekialdean, baliteke euri apur bat egitea; goizean zehar, baina, ostarteak zabalduko dira pixkanaka, eta arratsaldean, handiak izango dira ostarte horiek.
Maximoak igoko dira, eta Euskadiko puntu askotan, 25-26 graduren bueltan kokatuko dira, haizeak iparraldetik joko badu ere.
Nafarroa ere, abisupean
Nafarroan, Aemet Estatuko Meteorologia Agentziak abisu horia eman du, euriagatik ere; osteguneko 15:00etara arte izango da indarrean, kontuan izanik ordubetean 15 milimetro pila litezkeela; 40, hamabi ordutan.
Abisu horia Iparraldean, ekaitzengatik
Iparraldean, abisu horia dago indarrean ekaitz elektrikoengatik 06:00etatik biharko 06:00ak arte. Gogotik egingo du euria, eta baliteke han-hemenka ekaitzak jotzea egun osoan zehar. Mendebaldeko haize bizia ibiliko da bolada gogorrekin. Ekaitz arriskuak ostegun eguerdira arte jarraituko du, eta orduan zerua apurka-apurka irekitzen hasiko da, baina haize zakarrak jarraituko du, bolada gogorrekin. Ipar Euskal Herrian ez da eguzkirik izango ostiral eguerdira arte.