Gizartea -
Delituak
Osasunaren ikuskatzaile bat atxilotu dute, adingabeei sexu-abusuak egitea egotzita
Logroñoko Club Deportivo Vareako entrenatzaile ohia ikerketapean aske dago. Talde gorritxoko ikuskatzailea izan da, eta klubak berarekin duen kontratu-harremana amaitzea erabaki du.
Agentziak | EITB Media
Logroñoko Varea Kirol Klubeko entrenatzaile ohia atxilotu dute azken egunotan, adingabeei sexu-abusuak egitea egotzita, Espainiako Gobernuak Errioxan duen Ordezkaritzak Eferi astearte honetan baieztatu dionez.
Atxilotua aske geratu da, baina ikerketak aurrera jarraitzen du. Gobernu Ordezkaritzak baztertu egin du informazio gehiago ematea, polizia-lana ez oztopatzeko.
CD Varea entrenatzeaz gain, atxilotuak ikuskatzaile gisa lan egin zuen Osasuna Atletiko Klubean, baina talde nafarrak ohar batean azaldu duenez, ekainetik ez du inolako funtziorik betetzen erakundearentzat, eta, gainera, pertsona horrekin duen kontratu-harremana eteteko erabakia hartu du.
Talde nafarrak azaldu duenez, pertsona horrek bi funtzio bete ditu klubean: Errioxako klubekiko harremanaz arduratu da, haren beharrak talde gorritxoari helarazteko, eta, bestalde, gazte eta kadete mailako partidei buruzko txostenak egin ditu, ikuskatzaile gisa.
Era berean, zehaztu du "inoiz" ez dituela klubeko taldeak entrenatu eta ez duela inongo ardurarik izan entitateko teknifikazio-zentroetan, komunikabide zenbaitek argitaratutakoaren kontra.
Osasunak zehaztu duenez, familiei arreta emateko sistema espezializatu bat du klubak, jokalarien bizitza pertsonalean edo prestakuntza-bizitzan ohiz kanpoko edozein portaera detektatzeko aukera ematen duena, eta argitu du orain arte ez dela ustezko kasu horrekin lotutako ezer hauteman.