Gizartea -

Eguraldia

160 litro pilatu dira Hondarribian, eta 97 litro, Donostian, 24 orduan

Azken orduetan, uztaila guztian halako hiru egin du euria lurraldearen zati horretan. Lesakan (Nafarroa), esaterako, 139 litro pilatu dira metro koadroko, eta Goizuetan, 92. Irunen (Gipuzkoa), 77 litro inguru izan dira.

Batez ere Gipuzkoa ekialdean eta Nafarroa iparraldean egin du euria. Artxiboko argazkia: EFE
Euria Donostian.
Segurtasun Sailak desaktibatu egin du prezipitazio handi eta iraunkorrengatik indarrean egon den abisu horia

1:46

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bukatu dira euriari lotutako abisuak eta alertak Euskal Herri osoan, eta, gauean zehar, atertzera egingo du. Euri jasek Gipuzkoako ekialdea kolpatu dute, eta Bidasoa inguruan marka hautsi dute azken orduetako zifrek.

Hala, 160 litro pilatu dira Hondarribian, ezohikoa uda garaian, eta zaparrada mardulek arazoak eragin dituzte errepideetan.

Donostian, 97 litro pilatu dira 24 ordutan. Ura hainbat lokal eta portaletan sartu da bart, eta, gau bakarrean, bi hilabetetan baino euri gehiago bota du Donostialdean. Ostegun honetan ere, eguraldiak zenbait ekitaldi bertan behera uztera behartu du Donostiako Aste Nagusian.

Barru-barruraino sartu da ura Irungo eta Donostia erdialdeko hainbat dendatan
Barru-barruraino sartu da ura Irungo eta Donostia erdialdeko hainbat dendatan
Barru-barruraino sartu da ura Irungo eta Donostia erdialdeko hainbat dendatan

0:44

Halaber, euria gogoz bota du Baztanen, Malerrekan eta Bortzirietan. Lesakan, esaterako, 200 litro pilatu dira egun bakar batean. Frontea Pirinioaurreko mendien kontra talka egindakoan hustu da.

Antzeko irudia izan da Lapurdiko kostaldean. Aparteko arazorik izan ez bada ere, euri zaparradek euritakoa ateratzera behartu dituzte turistak.

Eguzkitsu asteburuan

Iragarpenaren arabera, gogotik egingo du euria gaur Gipuzkoa ekialdean, Nafarroa iparraldean eta Iparralden. Gainerako tokietan prezipitazio askoz gutxiago edo ia bat ere ez du egingo. Arratsaldean, atertzera egingo du orokorrean, ostarteak ere zabal daitezke, baina ipar-ekialdean gauera arte ez du guztiz atertuko. Araba eta Nafarroa hegoaldean, giroa, oro har, argia izango da. Mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, eta tenperaturak behera egingo du; beroenak 20-22 ºC artean geratuko dira.

Ostiralean, aurrera egin ahala, argitzera egingo du. Lehen orduetan, behe hodeiak izango ditugu ipar partean, eta, Kantauri isurialdean, euri txikia egin dezake goizaldean. Goizak aurrera egitearekin batera, hodeiak gutxituz joango dira, eta arratsalderako, ostarte politak espero dira. Tenperatura maximoek gora egingo dute, eta, leku askotan, 25-26 ºC-ra iritsiko dira; hegoaldean altuagoak izan daitezke. Ipar haizea gailenduko da.

Larunbatean, hodeiak izango dira, baina egunaren erdialdeko orduetan, giro argia nagusituko da. Hegoaldean, zerua oskarbi egongo da egun osoan. Iparraldean, aldiz, goizaldean, goizean goiz eta arratsalde gauean behe hodei dezente izango dira. Eguerdian edo arratsaldeko lehen orduetan, ostarte zabalak irekiko dira. Goizetik aurrera ipar-ekialdeko haizea ibiliko da, eta tenperaturak gora egingo du; maximoak 30 ºC ingurukoak izango dira barnealdean, eta 26-27 ºC artekoak, kostaldean. Ez da baztertzen Kantauri isurialdean azken orduetan euri pixka bat egin dezakeenik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Nafarroa Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Irun Albisteak Ekaitzak Lehortea