Gizartea -

Bilboko Aste Nagusia

"Bakarrik bai da bai" gogorarazita, kontzertuguneetan lau puntu more paratuko ditu Bilboko Udalak

Berdintasuna haurtzarotik bertatik sustatzeko, aurten "Maite Jokoa" delako photocall bat ere izango da Arriaga antzokiaren parean. Ume eta gaztetxoek argazkiak atera ahalko dituzte mezu feministekin.

Alonso, Aburto eta Askazibar (ezkerretik eskumara), gaurko prentsaurrekoan. EITB Media
Alonso, Aburto eta Askazibar (ezkerretik eskumara), gaurko prentsaurrekoan.
Aste Nagusirako sentsibilizazio kanpaina aurkeztu dute Bilbon

01:25

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eraso matxisten harira, "Ez beti da ez" leloa gaindituta, "Bakarrik bai da bai" mezua hedatu nahi du aurten Bilboko Udalak Aste Nagusiari begira. Esaldi hori da, hain justu, jaietarako prestatu duten prebentzio eta sentsibilizazio kanpainaren protagonista. Halaber, balizko biktimei laguntzeko baliabideei dagokionez, aurreko urteetan bezala, lau puntu more ezarritako dituzte kontzertugune nagusietan (bina, Abandoibarra eta Europa Parkean). Bertan, gaian trebatutako langileek arreta eta laguntza eman eta eskainiko diete eskatzen dutenei. 

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Nekane Alonso Berdintasuneko zinegotziak prentsaurrekoa eskaini dute gaur kanpaina aurkezteko. Bilboko Konpartsak eta Udalbatzako ordezkariak ere izan dira agerraldian. 

Aburtok nabarmendu duenez, "ez dugu utziko eraso sexistak itzul daitezen. Izan ere, 'ez beti da ez' ezagunaz gain, beste gako bat dakargu oraingoan, baiezkoaren garrantziaz ohartarazi nahirik, emakumearen ahalduntzetik. Emakumeek 'bai' esateko baldintzak bermatu nahi ditugu. 'Bai' beldurrik gabe eta askatasunez esan ahal izateko". 

Lelo berriaren bidez, herritarrak onespenaren garrantziaz sentsibilizatu nahi ditu Udalak eta, gainera, gizarte osoaren erantzukizun aktiboa erreklamatu nahi du.

Berrikuntza gisa, Areatzan beste gune bat jarriko dute (arratsaldez bakarrik zabalik). Bi helburu izango ditu puntu horrek: batetik, eraso sexista baten biktimek edo lekukoek eskura dituzten udal baliabideak ezagutzeko informazioa ematea, eta bestetik, berdintasuna haurren eta gaztetxoen artean sustatzeko photocall bat ("Maite Jokoa" izena jarri diote). 

Gainerakoan, sexu erasoak zer diren azaltzen duten eta horietako bat jasanez gero jarraitu beharreko gomendioekin liburuxkak banatuko dituzte. Gida horiek bertsio digitaletan ere egongo dira, eta dispositibo mugikorretara deskargatu ahal izango dira "Bilbao Aste Nagusia 2022" aplikaziotik. Era berean, sexu erasoak saihesteko Udalak duela urte batzuk sortu zuen EraStop aplikazioa deskargatzera gonbidatu ditu herritarrak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilboko Aste Nagusia Bilbo berriak Gizartea albisteak Emakumeen kontrako tratu txarren salaketak EAJ Gaurko titularrak Eguneko albisteak Jaiak Mundu matxista Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna Ziztadak jaietan