Gizartea -

Lekunberriko krimena

Lavandera ankerkeriaz hil zuten, herri-epaimahaiaren arabera

Epamahaiko kideak bilduta egon dira larunbateko 14:30etatik, eta, azkenean, delitu larrienaren alde egin dute.

Familiak 25 urteko kartzela zigorra eskatu du Asier Lavanderaren hiltzailearentzat. EITB.
Lekunberriko krimena |  Lavandera ankerkeriaz hil zuten
Familiak 25 urteko kartzela zigorra eskatu du Asier Lavanderaren hiltzailearentzat. EITB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sergio Fernando R.S.-k Sergio Lavandera ankerkeriaz hil zuela erabaki du Lekunberriko krimenaren herri-epaimahaiak. Lavandera 2010eko urtarrilean hil zuten, labankadaz.

Bost emakumek eta lau gizonek osatutako epaimahaia larunbateko 14:30etatik egon da bilduta eta delitu larrienaren alde egin du, beste bi aukerak (gizahilketa eta larrigarririk gabeko hilketa) baztertuta.

Ministerio Publikoak azaldutako ondorioetan, Asier Lavanderaren krimena hilketa izan zela esan eta aurretik egindako 14 urte eta erdiko kartzela-zigorra 18ra igo zuen.

Fiskalak gizahilketa izan zela esan zuen epaiketaren hasieran, baina gero hilketa mailara igo zuen, Sergio Fernando R.S. akusatua azpikeriaz aritu zela eta erasoa ezustean egin zuela uste duelako.

Hala ere, ez du basakeria larrigarritzat onartu, akusazio partikularrak egin bezala. Biktimaren familiako akusazioak 25 urteko kartzela-zigorra eskatu du akusatuarentzat.

Defentsak, bestalde, basakeria eta aurretik probokaziorik izan ez zela argudiatu du, eta akusatuari ukabilkada eman ziotela. Ondorioz, hasieran egindako eskaerei eutsi die: bi urte eta erdiko kartzela zigorra gizahilketagatik.

Biktimaren aita: 'Oso zaila da justizia egitea'

Bestalde, epaia ezagutu ostean Manuel Lavandera biktimaren aitak adierazi duenez, "oso zaila da justizia egitea, Asierren bizitzak 20, 25 edo 100 urte baino gehiagoko espetxe-zigorra balio duelako". "Guretzako, funtsezkoa zen epaiak hilketa hitza jasotzea, hasieratik argi geratu delako hilketa bat izan zela", azaldu du.

Halaber, akusazio partikularraren abokatuak azpimarratu duenez, "herri-epaimahaia oso ausarta izan da, esan beharrekoa esan duelako". "Aurkeztutako jazoerak kontuan hartuta ez zegoen besterik esateko, baina, hala ere, oso ausartak izan dira eta oso pozik nago", esan du.

Asier Lavandera 2010eko urtarrilaren 16an hil zen Lekunberrin, Mao Mao diskotekaren irteeran. Fiskalaren arabera, akusatuak lau labankada eman zizkion Lavanderari, eta, ondoren, lurrean zegoela, beste bi eman zizkion bizkarretik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea