Gizartea -

eguraldia

Egun epelak datoz Marijaiari ongietorria emateko

Han-hemenka euri arina egin dezakeen arren, Bilboko Aste Nagusiko lehen egunek giro epela ekarriko dute oro har, festak errespetatuz.

Datozen egunetako eguraldiaren aurreikuspena. Argazkia: EITB Media
Datozen egunetako eguraldiaren aurreikuspena. Argazkia: EITB Media
Datozen egunetako eguraldiaren aurreikuspena. Argazkia: EITB Media

itxaso leon kareaga | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Marijaia Arriaga Antzokiko balkoira aterako da aspaldiko partez larunbat honetan, eta litekeena da eguzkipean egitea, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren aurreikuspenaren arabera. Lainoak eta ostarteak tartekatuko dira datozen egunetan baina, oro har, ohiko jai giroa oztoporik gabe berreskuratzea baimenduko du eguraldiak.

Larunbat goizaldean, goizean goiz eta gauean hodeitsu egongo da, behe-hodeiekin, baina eguerdirako jaso egingo du eta arratsaldean eguzkitsu egongo da. Egunaren amaieran ez da baztertzen zirimiri pixka bat egitea. Goizean haizea aldakor eta ahul ibiliko da, arratsaldean, berriz, ipar-ekialdeko haizea nagusitu eta bizitu egingo da.

Hala, tenperatura maximoak igo egingo dira, 27-29 ºCren bueltan ibili litezkeelarik, eta minimoak, berriz, 17-18 ºC inguruan geratuko dira.

Igandea, berriz, lainopean hasiko dugu, behe-hodei ugarirekin eta baliteke euri langar pixka bat egitea. Arratsaldean atertu eta hodeitza apur bat saretuko da; ostarteak ireki daitezke. Ipar-mendebaldeko haizea bizi-bizi ibiliko da eta tenperatura maximoak berriro ere jaitsi egingo dira.

Tenperatura minimoak 18-20 ºC ingurukoak izango dira, eta maximoak, berriz, 24-26 ºCtan geldituko dira.

Datozen egunetarako joerari dagokionez, astelehenean giro nahiko motel eta umela izango dugu, baina asteartetik aurrera baliteke tenperatura igotzea eta eguerdi partean giro eguzkitsua nagusitzea.

Uneoro, eguraldiari buruzko informazio gaurkotua kontsulta dezakezu eitb.eus-en, edo zure argazkiak bidali.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aste Nagusia Bilboko albisteak Gaurko albisteak Bizkaia EAE albisteak Eguraldia Donostia Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Jaiak