Gizartea -
Polizia-operazioa
Bi lagun atxilotu dituzte Gipuzkoan eta Nafarroan, Frantzian migratzaileak modu bidegabean sartzeagatik
Guardia Zibilak eta Mugetako Frantziako Poliziak gauzatu dute operazioa. Beste persona bat ere utzi dute frantziar Justiziaren esku.
EITB MEDIA
Guardia Zibilak, Mugetako Frantziako Poliziarekin elkarlanean, bi lagun atxilotu ditu Gipuzkoan eta Nafarroan, Frantzian migratzaileak modu bidegabean sartzea egotzita. Horrez gain, Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak prentsa-ohar bidez jakitera eman duenez, eta Ikerketa Agindu Europar bat baliatuta, ikertutako delituzko auzian tartean sartuta dagoen beste pertsona bat ere utzi dute frantziar Justiziaren esku.
Testuinguru horretan, agenteek etxe bat miatu dute Beran, eta ondorengoa eraman dute bertatik: bi mugikor, bi ordenagailu eramangarri, eta GPS nabigatzaile bat. Unitate ikertzaileek aztertuko dute zer dagoen horien barruan.
Desegindako taldeak muga zeharkatzeko asmoa zuten migratzaileak erakartzen zituen, eta, gerora, modu klandestinoan sartzen zituen Frantzian. Iberiar Penintsulara Afrikako iparraldetik eta mendebaldetik iritsitako pertsonak ziren, ontziak erabiliz heldutakoak.
Migratzaileek muga zeharkatzeagatik ordaindu beharreko dirua adostuta, bereziki Hendaiara, Baionara eta Bordelera joateko, taldeko liderrak jarraibide zehatzak ematen zizkien beste kideei, mugaz gaindiko lekualdaketa egin zezaten.
Iturriak zehaztu duenez, atxiloketa horiek eginda, erakunde kriminala desegin dute. Azken lau hilabeteotan, taldeak 40 migratzaile sartu ditu modu bidegabean Frantzian, hiruzpalau lagunek osatutako taldeak eginez.