Gizartea -
IPAR EUSKAL HERRIA
Korronteak eramandako 16 lagun erreskatatu dituzte Biarritzeko hondartza handian
Larunbat arratsaldean, mareak gora egitean, itsas barrura eraman zituzten korronteek dozenaka lagun. Uretako motorrak eta helikoptero bat erabili behar izan zituzten erreskatatzeko.
EITB MEDIA
Korronte zakarrek itsas barrura eramandako 16 pertsona erreskatatu zituzten atzo arratsaldean Biarritzeko hondartza handian.
Prefetak abisua emana zuen korronte bortitzak espero zirelako Lapurdiko kostalde osoan. Eguraldia lagun, ehunka pertsona zeuden hondartzan, eta arratsaldean, marea gora egiten hasi zenean, itsasoa nahastu eta zakartu egin zen eta itsaslaster bortitz batek itsas barrura eraman zituen hainbat igerilari, horietako batzuk oso urrun.
Erreskate taldeak lanean hasi, eta guztiak onik ateratzea lortu zuten.
Uretako motorrak erabili zituzten gertuen zeudenak lehorrera eramateko eta helikoptero bat urrunen zeudenak erreskatatzeko.
Erreskatea Donostian
Donostian, berriz, emakumezko bat erreskatatu dute bart Zurriola hondartzan.
23:00ak aldera aurkitu dute, Sagues inguruko harkaitzetan. Emakumea onik aurkitu dute, baina hipotermia zantzuak zituenez Donostia Ospitalera eraman dute.