Gizartea -
Gipuzkoa
Añarbeko ubide berria eraikitzeko lanak 2023an hasiko dira
Donostialdeko hamar bat udalerriko eta Pasaiako badiako 318.000 urez hornitzea ahalbidetuko du kanal berriak.
agentziak | eitb media
Añarbeko ubide berria eraikitzeko ituna sinatu dute gaur goizean erakundeek eta lanak 2023ko lehen hiruhilekoan hasiko direla iragarri dute. Guztira, 36 milioi euroko inbertsioa egingo dute.
Egungo kanala zaharkituta geratu da eta ura galtzen du hainbat puntutan. Ubide berriak Donostialdeko hamar bat udalerriko eta Pasaiako badiako 318.000 herritar urez hornitzea ahalbidetuko duela azpimarratu dute.
Obrak abiatzeko ituna gaur goizean sinatu dute Astigarragan Maria Rosa Cobo Espainiako Arroetako Uren (Acuaes) zuzendari nagusiak eta Jaione Hervas Añarbeko Urak sozietate publikoko presidenteak.
Halaber, ekitaldian izan dira, besteak beste, Hugo Moran Ingurumen Estatu idazkaria, Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren ordezkaria Euskal Autonomia Erkidegoan eta Eneko Goia Donostiako alkatea.
Egitasmoaren % 80 Europar Batasunak emango dituen dirulaguntzen bidez finantzatuko dutela adierazi dute ohar batean Acuaes eta Añarbeko Urak sozietateek.