Gizartea -
bilboko aste nagusia
Hontzak konpartsak 'Kanpaia' jaso du, Bilboko Aste Nagusiko txosnarik landuena aintzatesten duen saria
Irrintzi konpartsak, bestalde, 'Eulia' jaso du, "belarri tiraldi" txikia suposatzen duen saria, alegia.
agentziak | eitb media
Hontzak konpartsak 'Kanpaia' jaso du, Bilboko 2022ko Aste Nagusiko txosnarik landuenari aintzatespena, publikoaren eta konpartsen botoak batuta gehiengoa eskuraturik. 'Eulia', berriz, "belarri tiraldi" txikia suposatzen duen saria alegia, Irrintzi konpartsari eman diote.
Hala, Aste Nagusia amaitu arte egongo dira ikurrak ikusgai txosna bietan. Aurreko edizioan sariok eskuratu zituzten txosnek (Kaskagorrik, Kanpaia, eta Uribarrik, Eulia) egin diete eskualdatzea, kalejira ostean.
Bilboko Konpartsek jakinarazi dutenez, Aste Nagusiko Eulia eta Kanpaia aintzatespenen hamalaugarren edizio honetan, Hontzak konpartsa seigarrenez saritu dute txosnarik landuena bezala, publikoaren eta konpartsen babes zabalarekin, botoen hiru laurdenak baino gehiago eskuratuta. Hala, Hontzakek haren lidergoa indartu du, kanpairik gehien lortu dituen konpartsaren marka bereganatuta.
Hontzak konpartsak ohiko kritika soziopolitikoa baliatu du "Jaungoikoa eta Lagi Zarra Money Making Machine" txosna apaintzeko. Zenbait engranaje ikus daitezke bertan, EAJren logoarekin, zenbait enpresa zein erakunde jasotzen dituen "Basque Jeltzale Entxufe Energy System" lelopeko instalazio baten alboan.
2007an hasi ziren Bilboko Konpartsak Eulia eta Kanpaia banatzen, hobeto apaindutako txosna batzuk eta jaigune landuago bat sustatzeko modu "bihurri" gisa. Hala, apainketarik zainduena duen konpartsari Kanpaia ematen zaio, eta "belarri tiraldi atsegina" eman nahi zaionari, berriz, Eulia. Apainketa, egitura eta edukiera bezalako alderdiak hartzen dira kontuan sariak banatzeko garaian.