Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Gizon bat epaituko dute alabari hainbat sexu eraso egiteagatik, Nafarroan bizi zirenean hasita
Logroñoko Fiskaltzak 98 urteko espetxe zigorra eskatu du 62 urteko gizonarentzat, zazpi sexu eraso leporatuta.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Logroñoko Lurralde Auzitegiak 62 urteko gizon bat epaituko du irailaren 13tik aurrera, alabari hainbat sexu eraso egitea leporatuta. Fiskaltzak 98 urteko espetxe zigorra eskatu du berarentzat.
Akusazioaren idatziak jasotzen duenez, lehen erasoa Nafarroan gertatu zen 2014ean, familia San Adrianen bizi zenean. Orduan, neskak 19 urte zituen.
Geroago, 2018an, familia Calahorran bizi zela (Errioxa) beste sei aldiz eraso egin zion aitak alabari "geldi ez bazegoen mina egitearekin mehatxu eginez, eta kontatuz gero inork ez ziola sinestuko" ohartaraziz.
Fiskalak zazpi bortxaketagatik zigortzea eskatu du, bakoitzagatik 14 urteko kartzela zigorra eskatuz, 98 urte guztira. Gainera, espetxe zigorraren ondoren, gutxienez beste 5 urtez emakumearengana hurbiltzeko debekua ezartzea eskatu du, eta zaintzapean izatea beste 8 urtez.
Akusazioak, gainera, 20.000 euroko kalteordaina eskatu du.