Gizartea -
Abisu horia
Abisu horia Euskal Herri osoan prezipitazio handiengatik eta ekaitzengatik
EAEn eta Nafarroan 13:00etan aktibatuko da abisua gauera arte. Ipar Euskal Herrian aktibatu dute dagoeneko. Metro koadroko 15-20 litro ur pila litezke ordubetean. Haizeak gogor joko du, bolada oso bortitzekin, eta ez da baztertzen txingorra egitea.
EITB Media
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, AEMETek eta Meteofrancek abisu horiak ezarri dituzte prezipitazio handiengatik eta ekaitzengatik euskal lurralde osoan.
Euskal Autonomia Erkidegoan, Euskalmetek abisu horia ezarri du 13:00etatik 21:00etara (AEMETek, berriz, 23:00ak arte ezarri du). Ordubetean metro koadroko 15 litro baino gehiago bota ditzake. Zaparradak trumoitsuak izango dira, eta haizea indartsu ibiliko da, bolada gogorrekin edo oso gogorrekin. Ekaitz eremuetan, haize boladak 80 edo 100 kilometro ordukoak izan daitezke. Txingorra ere bota dezake toki askotan.
Nafarroan, abisu horia 13:00etatik 23:00etara egongo da indarrean, metro koadroko 20 litroraino bota dezake, eta baliteke txingorra egitea. Haizeak gogor joko du.
Ipar Euskal Herrian, abisu horia 06:00etatik dago indarrean ekaitzengatik, eta gauerdira arte egongo da indarrean. Euri jasa handiak espero dira arratsaldean, eta txingorra ere egin dezake. Horrez gain, haize bolada bortitzak izango dira, orduko 90 kilometrorainokoak.
Tenperatura 25 ºC-tik gorakoa izango da lurralde osoan, eta egunaren erdiko orduetan aise gaindituko dira 30 ºC-ak ere toki askotan.
Bart ere, ekaitzak izan dira, eta euri asko bota du puntu askotan; Gorbeiako Aterpean, adibidez, 64 litro pilatu ziren ordubetean; Urkiolan, 27 litro ordu erdian eta Saratxon, 20 minutuan, 10 litro baino gehiago.