Gizartea -
Katalunia
13 urteko mutiko bat oso larri dago, asteazkenean Katalunian izandako txingor-ekaitzean zaurituta
Zuhaitz baten adarra gainera erori zitzaion haurrari. Beste pertsona bat arin zauritu da, eta ekaitzek arazo ugari eragin dituzte garraioan, esaterako Bartzelona eta El Prat aireportuen arteko tren-zerbitzuan, etenda suertatzeraino.
Agentziak | EITB Media
Asteazken arratsaldean Katalunian izan diren ekaitz gogorraren ondorioz larri zauritu da haur bat eta beste pertsona bat arin zauritu da. Halaber, arazo handiak eragin ditu ekaitzak garraioan, besteak beste, Bartzelona eta El Prat aireportuaren arteko tren-zerbitzuan, hura eteteraino.
13 urteko mutiko bat zauritu da eta egoera kritikoan dago Vilanova del Cami herrian (Bartzelona) zuhaitz baten adarra gainera erori ostean.
Generalitateko Larrialdi Medikoen Sistemak (SEM) jakinarazi duenez, asteazken arratsaldeko 17:56an jaso dute abisua, eta adingabea Esplugues de Llobregateko Sant Joan de Déu ospitalera (Bartzelona) eraman dute anbulantzian.
Gaztea udalerriko sarreran zegoen zuhaitz baten adarraren kolpea jaso duenean, eta herritar batek lehen mailako arretako zentro batera iristen lagundu dio. Handik, SEMera deitu dute, eta ospitalera bidali, kasuaren gertuko iturrien arabera.
Gainera, larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez, L 'Hospitalet de Llobregaten 54 urteko gizon bat arin zauritu da zuhaitz bat erorita. 19:35ean izan dute istripuaren berri, eta zauritua L 'Hospitaleteko Gurutze Gorriko ospitalera eraman dute.