Gizartea -
HEZKUNTZA
Bildarratzek “aldez aurreko lana” eskatu du unibertsitatera sartzeko proba aldaketaren harira
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Pilar Alegria Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroak bi gobernuen arteko aldebiko bilerak sendotzearen aldeko apustua egin dute. Ildo horretan, ministroa prest agertu da Hezkuntza Sailarekin batera lan egiteko egungo probaren aldaketen inguruan.
EITB MEDIA
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak "aldez aurreko lana" eskatu du unibertsitatera sartzeko proba aldaketaren harira, ostiral goizean Pilar Alegria Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroarekin izandako bileran.
Bertan, ministroak eta sailburuak bi gobernuen arteko aldebiko bilerak sendotzearen aldeko apustua egin dute, hezkuntzaren arloko analisiak eta hausnarketak partekatzeko helburuarekin.
Espainiako Gobernuak unibertsitatera sartzeko proba aldatzeko duen asmoa izan da bileran jorratutako gai nagusietako bat. Bildarratzen esanetan, edozein ebaluaziok, definizioz, ebaluatu beharreko testuingurua errespetatu behar du. Era berean, beharrezkotzat jo du eskumenen araberako ebaluazio-eredu baterako trantsizioa egitea, baina ministroari jakinarazi dio beharrezkoa dela geldiro eta modu arautu batean jardutea.
Ildo horretan, ministroa prest agertu da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin koordinatuta lan egiteko unibertsitatera sartzeko egungo probari eragingo dion edozein aldaketa egiterakoan.
Bileran, Hezkuntzako "Euskal Zerbitzu Publikoaren" figura aztertu da. Zerbitzu horretan sartuko dira finantzaketa publikoa jasotzen duten ikastetxe guztiak, eta hori izango da Lege berriaren beste ezaugarri nagusietako bat.