Gizartea -
Abisu meteorologikoak
Abisu horiak Euskal Herria osoan haize, ekaitz eta euriagatik
Jaurlaritzak abisu horia ezarri du EAE osoan gauerdira arte ekaitzengatik. Nafarroan, ekaitz, euri eta haizeagatik aktibo daude abisuak, eta Ipar Euskal Herrian, abisua indarrean da haizeagatik asteazkeneko 01:00ak arte eta 23:00k arte ekaitzengatikoa.
O. P. | EITB Media
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia aktibatu du berriro, astearte honetako arratsaldeko hiruretatik 24:00ak arte, zaparrada trumoitsuak izateko arriskuagatik.
Zenbait gunetan ordubetean 15 l/m2-ko prezipitazioa gainditu daitekeela uste da. Gainera, zaparradekin batera haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak ere izan daitezke.
Bestalde, abisu horia ezarri da Bizkaian baso-sute arriskuagatik, 10:00etatik 18:00etara, hego haize zakarra eta tenperatura "nahiko altuak" direla eta.
Nafarroan, AEMETek haizeengatik abisua ezarri du 10:00etatik 19:00etara lurralde osoan, 80 km/h-ko haize-boladak izan daitezke.
Abisu horia dago euriagatik eta ekaitzengatik ere, 16:00etatik 20:00etara egongo da indarrean erdialdean eta Erriberan. Ordubetean 15 litro ere pila litezke.
Ipar Euskal Herrian 16:00etan aktibatu dituzte abisuak haize eta ekaitz arriskuagatik; 01:00ak eta 23:00k arte egongo dira indarrean, hurrenez hurren.