Gizartea -
memoria historikoa
Irubideko hobi komuna memoria-gune bilakatu dute Usurbilen
Espainiako Gerra Zibilean fusilatu zituztenak gogoratzeko monolitoa inauguratu du igande honetan Usurbilgo oroimen historikoaren aldeko elkarteak.
eitb media
Espainiako Gerra Zibilean Usurbilen, Irubide inguruan, fusilatu zituztenak gogoratzeko monolitoa inauguratu dute igande honetan. Usurbilgo oroimen historikoaren aldeko elkarteak jasotako testigantzei esker jakin da leku horretan frankistek Donostialdeko bizilagun asko fusilatu eta hobiratu zituztela.
Donostia, Usurbil eta Hernaniko alkateek eta biktimen senideek parte hartu dute, besteak beste, omenaldian.
Gaur egun, Usurbil, Hernani eta Donostia lotzen dituen errepidea, lantegiak eta merkataritza gune bat daude Irubide inguruan. Hemendik aurrera, Usurbil 1936 elkarteak egindako lanari esker, memoria-gunea ere izango da.
Xuban Zubiria elkarteko kidearen hitzetan, "zereginak zehazten hasi ginenean, argi genuen besteren artean memoria-guneak berreskuratzea izan behar zela horietako bat".
Hala, hiru gune finkatuko dituzte aurten, bata, Aginagako hilerrian; bestea, Meaga-Oikia errepideko bihurgune batean; eta hirugarrena, Udarregiko ikastolan, fusilatutako maisu baten oroimenez. "Gaurkoa dugu laugarrena, kolpistak Usurbilera sartu zirenetik 86 urte betetzen diren egunean", gaineratu du. Biktimei aitortza egiteko oroitarria jarri dute bertan.
Jasotako informazioarekin, inguru horretan hobiratutako bi pertsona identifikatu dituzte; Jose Heredia usurbildarra eta Juan Antonio Irulegi andoaindarra, 33 eta 32 urte zituzten, hurrenez hurren. Haien senitartekoek egindako lana eskertu diote elkarteari.
Elkarteak lanean jarraituko du, eta deshobiratzea egiteko aukera ez dute baztertzen.