Gizartea -

UGTren helegitea

EAEko Udaltzaingoen lan poltsarako euskararen B2 maila ez dela beharko erabaki du epaitegi batek

Segurtasun Sailak epaiari helegitea aurkezteko asmoa azaldu du, Euskadiko udalerrietara bidaltzen diren udaltzainek herritarrekin euskaraz hitz egin ahal izatea "estrategikoa" delako.

Udaltzainak. Artxiboko irudia: EITB Media
Udaltzainak. Artxiboko irudia: EITB Media
Udaltzainak. Artxiboko irudia: EITB Media

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko epaitegi batek UGT sindikatuari arrazoia eman dio, eta Euskadiko Udaltzaingoen lan poltsarako euskararen B2 maila ez dela beharko erabaki du.

UGT-Euskadik jakitera eman duenez, aldeko sententzia lortu dute; nahiz eta euskararen B2 maila ez izan, herritarrak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lan poltsan sartu ahal izango dira.

2021eko abuztuan, hautaketa prozedura deitu zuten, EAEko Udaltzaingoen lan poltsa sortzeko. Euskararen B2 mailarik ez zuten pertsonak kanpoan geratu ziren.

UGTk defendatu duenez, deialdian sortutako egoera funtzio publikora sartzeko printzipioekin kontraesanetan dago, euskararen B2 maila egiaztatu ezin duten biztanle guztiak kanpoan uzten dituelako; beraz, "diskriminazioa" ematen ari dela uler daiteke.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak epaiari helegitea aurkezteko asmoa agertu du. Saileko iturriek zehaztu dutenez, sententzia sakon aztertzeko zain daude; izan ere, ez dute oraindik jakinarazpenik jaso.

Hala ere, "oso litekeena da" errekurtsoa planteatzea, Euskadiko udalerrietara bidaltzen diren udaltzainek herritarrekin euskaraz hitz egin ahal izatea "estrategikoa" delako. "Udalen eskakizun bat da, horrela eskatzen dute, arazo bat ikusten dutelako", erantsi dute iturriek.

Josu Erkorekak zuzendutako Sailaren hitzetan, hizkuntza maila eskatzea "funtsezkoa da Euskal Polizia gizartearekin euskaraz harremana izateko eta, horrela, herritarrei zerbitzu hobe bat emateko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Politika Euskal Autonomia Erkidegoa Funtzionarioak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz albisteak Albisteak UGT