Gizartea -
garraio publikoa
Renfek Distantzia Erdiko eserlekuen erreserba mugatu du, behar baino leku gehiago hartzea ekiditeko
Aurrerantzean, pertsona bakoitzak ezingo ditu eguneko lau erreserba baino gehiago egin; izan ere, konpainiak hauteman du erabiltzaile askok hainbat trenetan erreserbatzen dituztela lekuak, ondoren, gehien komeni zitzaiena hartzeko.
agentziak | eitb media
Renfek Distantzia Erdiko trenetan eserlekuen erreserba mugatzea erabaki zuen aurreko ostiralean, erabiltzaileek erabiliko dituzten lekuak baino gehiago erreserba ez ditzaten.
Irailaren 1ean, Renfe Aldirietan doako abonua martxan jarri zenetik, erabiltzaile batzuek hainbat trenetan behar baino eserleku gehiago erreserbatzen dituztela atzeman du Renfek, ondoren gehien komeni zaiena hartzeko. Horren ondorioz, zenbait trenek okupazio baxua izan dute egunotan.
Horregatik, aurrerantzean ezingo dira lau eserleku baino gehiago erreserbatu pertsonako eta eguneko -bi joateko eta bi itzultzeko-. Era berean, eguneko bigarren joaneko bidai-txartela erreserbatzea eragotziko da, lehenengo bidaiko itzulia egin ez bada.
Gainerako erabiltzaileei kalte egitea oztopatzeko eta tren-zirkulazioaren eraginkortasuna bermatzeko helburuarekin hartu dira bi neurri horiek.