Gizartea -
Euskara
Gorenak ez du onartu Irungo Udaltzaingoko euskara eskakizuna baliogabetu zuen epaiaren aurkako helegitea
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak diskriminatzailetzat jo zuen iaz Irungo Udaltzaingorako deialdian euskarako maila linguistikoa eskatzea. CCOO sindikatuak jo zuen epaitegietara eta EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion. Irungo Udalak, epaiarekin ados ez eta helegitea jarri zuen.
EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak diskriminatzailetzat jo zuen iaz Irungo Udaltzaingorako deialdian euskarako maila linguistikoa eskatzea. CCOO sindikatuak jo zuen epaitegietara eta EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion. Epaiak zioen euskara jakin beharrak zenbait hiritar diskriminatzen zituela.
Irungo Udalak, epaiarekin ados ez eta helegitea jarri zuen, eta gaur iritsi da Espainiako Auzitegi Gorenaren erantzuna. Irungo Udalaren helegite hori ez du tramitera ere onartu. Beraz, hemen ixten da epaitegietako bidea Irungo Udalarentzat.
Gorenaren hitzetan, errekurtsoak ez du oinarri egokirik.
Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eta Kontseiluak salatu zuten EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakia "politikoa" dela, juridikoa baino gehiago.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak adierazi zuenez, epaiak zuzenean erasotzen ditu Irungo herritarren hizkuntza-eskubideak: "Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatuko badira, horretarako langile gaituak behar dira, eta langile elebidunak dira herritar guztiei zerbitzua eman diezaieketenak".
Bestalde, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaoren iritziz, Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia "eskuhartze bortitza" da: "Beste behin ere, gogorarazi nahi dute hizkuntza-politikaren eremuan zeinek duen azken hitza eta, ondorioz, neurri eragingarriak hartzen direnean, azken erabakia zeinek duen gogora ekarri nahi izan dute. Horrexegatik, epaia juridikoa baino, politikoa dela berretsi nahi dugu".
Asteon Gasteizko epaitegi batek UGT sindikatuari arrazoia eman dio, eta Euskadiko Udaltzaingoen lan poltsarako euskararen B2 maila ez dela beharko erabaki du. Eusko Jaurlaritzak helegitea jarriko dio ebazpenari.