Gizartea -

SANSOHETA AUZIAREN EPAIKETA

Sexu abusuak egotzita deklaratu duten auzipetuek esan dute ez zekitela adingabeak zirenik

Halaber, esan dute web orri baten bidez jarri zirela gazteekin kontaktuan. Bestalde, akusatutako beste hiruk akordioa itxi dute Fiskaltzarekin; leporatzen zaizkien hainbat delitu aitortu, eta zigorra onartu dute. Laugarren batek, berriz, aurreakordioa itxi du gaur.

Arabako Lurralde Auzitegia, gaur. Argazkia: EITB Media
Arabako Lurralde Auzitegia, gaur. Argazkia: EITB Media
Hasi da Sansohetako zentroan adingabeei abusuak egiteagatik auzipetutako 10 lagunen aurkako epaiketa

0:26

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hasi da Arabako Lurralde Auzitegian Gasteizko Sansoheta zentroko hainbat adin txikikori sexu abusuak egitea egotzita auzipetutako hamar pertsonen kontrako epaiketa. Gaur abiatu, eta urriaren 3an amaitzea aurreikusten da. Saioa hasi eta berehala, atzo EITB Mediak aurreratu bezala, akusatuetako hiruk Fiskaltzarekin lortutako akordioaren berri eman dute. Leporatzen zaizkien hainbat delitu aitortu egin dituzte, damua agertu dute, eta berriro halakorik ez dutela egingo hitz eman dute. Hala, adostutasunezko akordioaren ondoren, epaimahaiak ezarritako zigorra onartu egin dute.

Akordioa erdietsi duen auzipetuetako batek 13 urte eta lau eguneko espetxe zigorra onartu du, adin txikikoen kontrako bi galbideratze delitu jarraian egitea, eta sexu abusuekin lotutako beste bi —horietako bat jarraian— egitea egotzita. Halaber, espetxetik ateratzen denean, beste bost urtez, zaintzapeko askatasuna izango du. Egindakoak aitortu dituen bigarrenari, 7 urte eta 2 eguneko kartzelaldia ezarri diote, adingabeak galbideratzeko delituagatik eta sexu abusuengatik. Horrek ere, kartzelatik ateratakoan bost urteko zaintzapeko askatasuna izango du. Eta azkenik, hirugarrenak, urtebeteko kartzela zigorra jasoko du, adin txikikoen kontrako galbideratze delitua leporatuta. Azken horrek hiru urteko zaintzapeko askatasuna izango du espetxe zigorra amaitutakoan.

Zigorrak ezarri ondoren, eta auzian pertsonatutako aldeek hala erabakita —Fiskaltza, Arabako Aldundia eta Clara Campoamor Elkartea—, hiru pertsona horientzat epaiketa gaur amaitu da, eta, beraz, gainerako zazpi auzipetuen deklarazioekin egin du aurrera saioak.

Halaber, laugarren batek aurreakordioa gaur itxi du, eta asteazkenean jakingo da leporatzen zaion delitua onartzen duen edo ez, eta baita, ezarriko zaion zigorra zein den.

Lehendabiziko deklarazioak

Euren aldetik, epailearen aurrean deklaratu duten sei auzipetuek behin eta berriz esan dute ordaindutako sexu harremanak izan zituztela gazteekin, baina ez zekitela adin txikikoak zirenik. Denek azpimarratu dute harremanetarako web orrien eta sare sozialen bidez jarri zirela kontaktuan gazteokin.

Fiskaltzak gogortu egin du kartzela eskaria, eta hasieran 100 urte eskatzen bazituen ere, orain 200 urte baino gehiagoko espetxea eskatzen du akusatuentzat. Besteak beste, galbideratzea, sexu abusua, adingabekoei pornografia erakustea eta osasun publikoaren aurkako delituak leporatzen dizkiete.

Gaurko saioaren ondoren, asteazkenean jarraituko dute epaiketarekin —bihar ez da saiorik egongo—, eta biktimek hartuko dute hitza bi egunez jarraian. Atea itxita egingo dira deklarazioak, aldeek hala adostuta. Ostiralean, berriz, kasuaren ikerketan parte hartu zuten ertzainek deklaratuko dute, eta epaiketaren azken egunean, astelehenean, perituen txanda izango da.

Radio Vitorian gaur egindako elkarrizketan, Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak esan du "justizia egitea" espero duela, eta Aldundiaren esku dauden adin txikikoen zentroetako langileen "lan handia" nabarmendu du.

Ramiro Gonzalez, Sansoheta kasuaren epaiketaz: ''Justizia egitea espero dut''
Ramiro Gonzalez, Sansoheta kasuaren epaiketaz: ''Justizia egitea espero dut''
Ramiro Gonzalez, Sansoheta kasuaren epaiketaz: ''Justizia egitea espero dut''

2:04

2016an zabaldu zuen Ertzaintzak 10 gizonezkoren kontrako ikerketa, Sansoheta zentroko hainbat adin txikikori sexu abusuak egin zizkietelakoan. Zentroko zuzendariak jarri zuen salaketa. Ikerketaren arabera, orotara zazpi adin txikikok jasan zituzten sexu gehiegikeriak, eta guztiak Arabako Aldundiaren tutoretzapean zauden erasoak izan zirenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Nerabezaroa albisteak Sexu erasoak Arabako Foru Aldundia