Gizartea -
Elkarrizketa Radio Euskadin
800 lagunek eman dute izena EAEko kartzeletan lan egiteko, behargin faltari aurre egiteko nahikoa
Espetxeetako "sindikatuen gutxiengo" baten kritikei erantzun die Beatriz Artolazabal Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken sailburuak, eta azpimarratu du "gabezia herentzian" jaso dutela, baina hori konpontzeko lanean ari direla.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Langileak falta direla eta, espetxeetako "sindikatuen gutxiengo" batek egindako kritikei erantzun die Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken sailburuak, Eusko Jaurlaritzak espetxe politiken eskuduntza jaso zuela urtebete den honetan. Azaldu duenez, Jaurlaritzak "herentzian jaso du langileria falta hori", eta hori konpontzeko lanean ari dira. "Baina horretarako denbora behar da, eta hori ondo dakite sindikatuek". Hala, neurri "iragankor" moduan, lan poltsa bat zabaldu dute. 803 pertsonak eman dute izena, eta horietatik 60 bat abenduan hasiko dira beharrean bitarteko langile gisa.
Radio Euskadiren "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketan, lehen urtearen "balorazio positiboa" egin du sailburuak, eta 12 hilabeteotan "gauzak apurka-apurka hobetu" dituztela nabarmendu du. Besteak beste, Jaurlaritzak izapidetu dituen 457 gradu progresioak aipatu ditu.
Sansoheta auziaz, Artolazabalek nabarmendu du Arabako Foru Aldundiak "azkar jardun" zuela adingabeak babesteko, eta sei urteko ikerketak foru erakundearen ardura oro baztertu du. Era berean, ziur agertu da kasu horiei aurrea hartzeko neurriak hartu direla.
Azkenik, Arabako ahaldun nagusirako hautagaia izango ote den galdetuta, EAJk "horren berririk" eman ez diola argitu du. Gogorarazi duenez, konpromisoa du lehendakariarekin, eta oraindik "erronka asko" ditu betetzeko bere sailean.