Gizartea -

Otsailetik dago kartzelan

Espainiako Gobernuak "gertutik" jarraitzen du Pablo Gonzalezen kasua, eta lau aldiz bisitatu du kartzelan

Espainiak Varsovian duen Enbaxadak "hainbat gestio egin ditu Poloniako Atzerriko Arazoetarako Ministerioaren, poliziaren eta herrialde horretako Administraritzako zenbait organoren aurrean". Hala erantzun dio espainiar Gobernuak Compromiseko senatari batek egindako parlamentu galdera bati.

Pablo Gonzalez, artxiboko irudian. EITB Mediako bideo batetik hartutako argazkia.
Pablo Gonzalez, artxiboko irudian. EITB Mediako bideo batetik hartutako argazkia.
Pablo Gonzalez, artxiboko irudian. EITB Mediako bideo batetik hartutako argazkia.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak ostiralean ziurtatu duenez, "gertutik" ari da jarraitzen Pablo Gonzalez euskal kazetariaren kasua. Berriemailea otsailean atxilotu zuten Polonian; Errusiaren inbasioaren ondorioz, milaka ukrainar herritar bertara ari ziren igarotzen, eta Pablo Gonzalez albiste horrekin lanean zebilen. Gainera, espainiar Gobernuak azaldu du lau aldiz bisitatu duela kartzelan.

Carles Mulet Compromiseko senatariak egindako parlamentu galdera bati erantzunez, espainiar Gobernuak esan du Espainiak Varsovian duen Enbaxadak "hainbat gestio egin ditu Poloniako Atzerriko Arazoetarako Ministerioaren, polizia agintarien eta herrialde horretako Administraritzako zenbait organoren aurrean", atxiloketaren albistearen berri izan zutenetik.

Horrez gain, zehaztu dutenez, martxoaren 7an, Rzeszowko kartzelan, Pablo Gonzalez bisitatu zuten lehen aldiz; gerora, beste hiru aldiz bisitatu dute.

Pablo Gonzalezen egoeraren gainean, adierazi du poloniar agintariek ofiziozko abokatu bat esleitu ziotela, martxoaren 9an. Kazetariak, horrez gain, "Espainian ere badu abokatu laguntza", eta Enbaxada harremanetan izan da berarekin; halaber, poloniar abokatu pribatu bat ere badu.

Beharrezko gestioak ere egin dituzte "atxilotuak senideekin komunikazioa izan dezan", eta, Espainiako Gobernuak dioenez, familiak bidalitako korrespondentzia jaso du. Enbaxada "familiarekin harremanetan dago", eta egindako gestioen berri ematen dio; halaber, azaltzen die senideei nola helarazi kartzelan dagoen kazetariari paketeak eta dirua.

Atxilotuta dauden herritarrei eman ohi zaion laguntza eta babes kontsularra ematen jarraituko dute

Erantzunean, Espainiako Gobernuak argitu du Pablo Gonzalezi atxilotuta dauden herritarrei eman ohi zaion laguntza eta babes kontsularra ematen jarraituko dutela, "karguak eta prozedura judizialeko emaitza alde batera utzita".

Gobernu espainiarrak, bestalde, azaldu du harridura agertu ziela poloniar agintariei "hasiera batean informaziorik ez genuelako izan", atxiloketaren gainean. Halaber, nabarmendu zien Poloniako Gobernuari "garrantzitsua dela laguntza kontsularra bermatzea, bisita eta legezko laguntza barne".

Agintari poloniarrek argudiatu dutenez, atxiloketaren hasierako fasean, Fiskalak agindu zuen kontua sekretupean egon zedila; horrela justifikatu dute zer egin duten, tokiko araudiarekin bat eginda.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ukraina Errusia albisteak Espainiako Gobernua albisteak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Errusia-Ukraina gerra gaur Polonia albisteak