Gizartea -

polizia operazioa

Migratzaileekin trafikatzen zuen taldea desegin dute Bizkaian

Operazioa zabalik dago, eta guztira zazpi pertsona atxilotu dituzte, horietako bost, Bizkaian. Gainera, miaketak egin dituzte Muskizen eta Portugaleten. Atxilotutakoek Bilbo eta Erresuma Batua lotzen duten ferryak erabiltzen zituzten migratzaileak diru truke garraiatzeko.

Muskizen atxilotu duten gizonetako bat, gaur. Argazkia: EFE
Muskizen atxilotu duten gizonetako bat, gaur.
Immigrazio irregularrean aritzen zen talde bat desegin dute Bizkaian

0:39

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak migratzaileekin trafikatzen zuen gaizkile taldea desegin du Bizkaian, eta zazpi pertsona atxilotu ditu, horietako bost, Muskizen eta Portugaleten —beste biak Madrilen hartu zituzten atxilo astelehenean—. Gainera, Santurtziko beste bizilagun bat ikerketapean jarri dute. Operazioarekin lotuta, agenteek miaketak egin dituzte Bizkaiko hainbat udalerritan. 

Ikerketaren iturriek jakinarazi dutenez, taldeko kideek Espainiara, Frantziara eta Erresuma Batura sartzen laguntzen omen zieten migratzaileei, diruaren truke. 

Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak operazioa baieztatu du kazetariei egindako adierazpenetan —bi atxiloketa baino ez ditu aipatu, Madrilen astelehenean egindakoak—. Zehaztu duenez, gaizkile taldeak Kantauri Itsasoko portuen, tartean Bilboko Portua, eta Erresuma Batuaren artean dabiltzan ferryak erabiltzen zituzten migratzaileekin trafikatzeko. 

"Pertsonen trafikoaren kontrako operazio handia izan da", Itxasoren esanetan. 

Argitu duenez, "gaizkile taldeak Kantauri Itsasoko portuak erabiltzen zituen migratzaileak Erresuma Batura modu irregularrean, ezkutuan, eramateko".

Zazpi atxiloketa eta ikertutako bat

Operazioa astelehenean jarri zuten martxan, eta bi pertsona atxilotu zituzten Madrilen

Gaur, berriz, bost lagun atxilotu dituzte Bizkaian; lau, Muskizen eta beste bat, Portugaleten. Gainera, Santurtziko bizilagun bat ikerketapean jarri dute (ez dute atxilotu) sarearekin zuen harremana tarteko. 

Guardia Zibilak Muskizen egindako atxiloketak.

Guardia Zibilak Muskizen egindako atxiloketak.

Atxilotutakoak Salbeko kuartelean (Bilbo) dituzte, epailearen aurrera eramateko aurretiazko izapideak bukatu bitartean. 

Guardia Zibilak miaketak egin ditu Bizkaiko bi udalerriotan. Portugaleten, etxebizitza bat arakatu dute, eta Muskizen, lonja bat, auto bat eta etxebizitza bat.

Operazioak zabalik dirau, eta ez da baztertzen atxiloketa eta miaketa gehiago egitea, Guardia Zibilak zehaztu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Portugalete Santurtzi Migrazioa Bizkaia Delituak Muskiz Gizartea Eguneko albisteak Albisteak