Gizartea -
Desagertutako pertsonak
Lapurdiko bikote bat desagertuta dago Mexikon
Desagertutakoak Michel Amado eta Assya Madjour, hurrenez hurren, Donibane Lohizuneko eta Ziburuko bizilagunak dira, Frantziako Gobernuak Latinoamerikako herrialdean duen enbaxadaren arabera.
EITB Media
Frantziako Gobernuak Mexikon duen enbaxadak atzo baieztatu zuenez, Lapurdiko bikote bat desagertuta dago Latinoamerikako herrialdean, Sud'Ouest egunkariak gaurkoan jaso duenez.
Informazioaren arabera, Michel Amado eta Assya Madjour dira desagertutakoak, Donibane Lohizuneko eta Ziburuko bizilagunak, hurrenez hurren. Biak Mexiko hegoaldean, Chiapas estatuan, ikusi zituzten azkenekoz. Antza, Amadok urteak daramatza herrialdean bizitzen.
"Europak eta Atzerri Gaietako Ministerioari jakinarazi zaio desagertzea. Bere baliabideak jarri dira martxan, baita Frantziako Kontsulatuak Mexikon duenarenak ere. Familiarekin harremanetan gara", azaldu du enbaxadak.
Mexikoko hainbat egunkarik jaso dute Lapurdiko bikotearen desagertzea, eta euren senitartekoek ere laguntza eskatu dute. Informazioen arabera, irailaren 12tik daude desagertuta. San Cristobal de las Casaseko zentro espiritual batean ikusi zituzten, eta orduz geroztik, ez dute euren berririk izan.