Gizartea -
Pasaia
Pasaian autobus baten kanpoaldera igo zen gazte bat identifikatu eta ikertu du Ertzaintzak
Eginbideak ireki dizkiote, ikertu gisa, 28 urteko gizonari bide segurtasunaren aurkako delitu batengatik. Gaztea Pasaian zirkulatzen ari zen autobus baten karrozeriara igota zihoan, bere bizia eta errepideko gainerako erabiltzaileena arrisku larrian jarrita.
EITB MEDIA
Ertzaintzak Pasaian autobus baten kanpoaldera igo zen gazte bat identifikatu eta ikertu du. Eginbideak ireki dizkiote, ikertu gisa, 28 urteko gizonari bide segurtasunaren aurkako delitu batengatik; izan ere, gaztea Pasaian zirkulatzen ari zen autobus baten karrozeriara igota zihoan, bere bizia eta errepideko gainerako erabiltzaileena arrisku larrian jarrita.
Ertzaintzak hedabideen eta sare sozialen bidez jakin zuen gazte bat autobus baten atzeko aldean zihoala igota, Pasai Antxoko irteeratik Errenteriako Kaputxinoen auzorantz. Bideoa biral egin da azken egunotan.
Gertatutakoaren gaineko ikerketa asteazken arratsaldean amaitu da, Errenteriako ertzainek irudietan agertzen den gaztea identifikatu baitute. Gazteari eginbideak ireki dizkiote, ikertu gisa, bide segurtasunaren aurkako ustezko delitu batengatik, eta eginbide horiek Donostiako Guardiako Epaitegira bidaliko dituzte.