Gizartea -
Abortatzeko eskubidea
Donostiako epaile batek abortuaren aurkako protestak Askabide klinikatik gertu egitea debekatu du
Hain zuzen, debekua da protestak klinikatik ehun metrora baino gutxiagora egitea. Kautelazko neurria da, eta horren funtsa da abortatzera joaten diren emakumeek jazarpena pairatzen dutela elkarretaratzean dauden pertsonen aldetik.
EITB MEDIA
Donostiako epaile batek abortuaren aurkako protestak Askabide klinikatik ehun metrora baino gutxiagora egitea debekatu du. Kautelazko neurria da, eta horren funtsa da abortatzera joaten diren emakumeek jazarpena pairatzen dutela elkarretaratzean dauden pertsonen aldetik.
Askabide Klinikak Donostian eta Gasteizen dituen osasun zentroen kanpoaldean abortuaren aurkako zenbait pertsonek egiten dituzten protestak salatu zituen; izan ere, elkarretaratzeek presiopean jartzen dituzte abortatzera joaten diren emakumeak. Berriki onartutako lege batek ez du baimentzen horrelako protestak egitea, eta Ertzaintzak ohartarazia du ez dituela onartuko.
Azken asteotan ugaritu badira ere, protestak duela hilabete batzuk hasi ziren. Horietan, abortuaren aurka dauden hainbat herritarrek arrosarioa otoiz egiten dute, edo kartelak erakusten dituzte. Ertzaintzak, azken astean, Gasteizko Askabide klinikaren aurrean, hiru lagun identifikatu ditu; hiru pertsona horien aurkako salaketak kontuan izanik, epaileak erabaki du protestak debekatzea zentrotik ehun metrora baino gutxiagora. Elkarretaratzeak, epailearen iritziz, emakumeen intimitatea eta abortatzeko eskubidea urratzen dituzte, bai eta langileen eskubideak ere.