Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Madrilgo Elias Ahuja Ikastetxe Nagusiko egoiliarrek barkamena eskatu diete iraindutako emakumeei
"Gustu txarreko txantxa eskuetatik joan" zitzaiela adierazi dute, baina oihu naziei erreferentziarik egin gabe.
agentziak | eitb media
Madrilgo Elias Ahuja Ikastetxe Nagusiko egoiliarrek barkamena eskatu eta damua agertu dute Santa Monicako emakume egoiliarrak iraintzeagatik. Era berean, jokabidea aldatzeko konpromisoa agertu dute. Dena den, oihu eta jarrera naziei buruzko aipamenik ez dute egin.
Madrilgo fiskaltzaraino iritsi diren irain horiek "eskuetatik joandako gustu txarreko txantxa bat" izan zela adierazi dute ikasle egoiliarrek.
Elias Ahuja Ikastetxe Nagusiko ikasle kontseiluak Santa Monicako ikasleei zuzendutako idatzi bat kaleratu du, eta bertan damua agertu du "ekintza" horiengatik, eta zentroari berari ere barkamena eskatzen dio.
"Gustu txarreko txantxa eskuetatik joan zen. Badakigu damu hutsa ez dela nahikoa, baina lehenengo pausoa dela uste dugu", gaineratu dute.
Bestalde, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroaren iritziz, ikasleek eskainitako barkamena "ez da nahikoa". "Bizitza ulertzeko modu bat da, beti emakumeari aipamena eginda, inoiz ez aldrebes", gaineratu du, "exijitu behar dena jarrera eta portaera onak dira".