Gizartea -
Osakidetza
Sindikatuek berriro utzi dute Osasuneko mahai sektoriala
SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek Osakidetzaren jarrera "inposatzailea eta negoziatzeko jarrera eza" salatu dute. Osasun Sailak eta Osakidetzako zuzendaritzak sindikatuen erabakia deitoratu dute.
Agentziak | EITB Media
SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuak berriro altxatu dira Osasuneko mahai sektorialetik, Osakidetzak "ez duelako negoziatu nahi, ezta sindikatuek behin eta berriz proposatzen dizkioten gaiei buruz ere, langileen lan baldintzetan eragin zuzena duten gaiei buruz hitz egiten baitute". Horregatik, zuzendaritzaren jarrera "inposatzailea eta negoziatzeko jarrera falta" salatu dute.
Ohar bateratu batean, sindikatuek deitoratu egin dute, Osasun Arloko Mahai Sektorialak egindako bileren edukia ikusita, Osakidetzak urte honetan zehar foro hori "hilabete luzez" uztera eraman duten modu, eduki eta "dinamika zaharrei eusten" dielako. "Gaur berriro altxatu gara mahaitik arrazoi horiengatik", adierazi dute.
Azaldu dutenez, Osakidetzak proposatutako gai batzuk formalki barneratzen baditu ere, bileran "ez du negoziaziorik ireki nahi, gai itxiak direla edo gai horiei buruz erabakitzeko gaitasunik ez duela aitzakiatzat hartuta".
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzako zuzendaritzak, aldiz, sindikatuek bilera utzi izana deitoratu dute, eta SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT gonbidatu dituzte "negoziazioaren bidera itzul daitezen".
Halaber, Osasun Sailak eta Euskal Osasun Zerbitzuak beste ohar baten bidez erantzun diete sindikatuen kritikei. Agiri horretan adierazi dutenez, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak "negoziatu eta onartu egin du sindikatuen aldarrikapena, eta alegazio-epe berri bat ireki du asteleheneko bilerako gai-zerrendan jasotako gaien % 50erako".
Osakidetzak kritikatu duenez, Mahaiaren gai-zerrendan jasotako gaiekin amaitu baino lehen, "sindikatuek etenaldia eskatu dute, eta bilera utzi dute".