Gizartea -
Estrategia berria
Suizidioari aurrea hartzeko ikasle-irakasleak trebatuko ditu Hezkuntza Sailak
Osasun Sailarekin eta EHUko adituekin batera, suizidioaren prebentzioa, esku hartzea eta posbentzioa egiteko estrategia garatu du Bildarratzek zuzentzen duen Sailak. Ikasturte honetan, irakasleriari emango diote formazioa, eta 2023-24 aldian, 15 urtetik gorako ikasleei.
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Pandemiak umeen eta nerabeen buruko osasuna kaskartu duen honetan, eta ikasgelak "suizidioa prebenitzeko leku aproposena" direla sinistuta, "Hezkuntza-eremuan jokabide suizidaren prebentzioa, esku-hartzea eta posbentzioa egiteko estrategia" delakoa garatu du Hezkuntza Sailak. Osasun Sailarekin eta EHUko pertsona "aditu eta arituekin" batera egin dute plana. Asmoa da irakasle, ikasle eta hezkuntza komunitateko agenteak trebatzea suizidioari aurrea hartzeko eta "pistak irakurtzen ikasteko".
Gaur aurkeztu du estrategia Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuordeak, Jose Antonio de la Rica Arreta Soziosanitarioko zuzendariarekin eta Lucía Torrealday Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariarekin batera.
Pedrosaren esanetan, Euskadin suizidioa prebenitzeko Estrategiatik (Osasun Sailak garatu zuen) eratorrita sortu da, eta elkarbizitza positiboaren alorrean (batez ere eskola jazarpenarekin lotuta) Hezkuntza Sailak duela urte batzuk abiatutako prozeduran txertatuko dute.
Helburua da ikasleak "seguru" sentiaraztea, eta jakitea irakasleek "entzun" egingo dituztela. "Horretarako irakasleei baliabideak eman behar dizkiegu, ahaldundu behar ditugu betaurreko horiek janzteko, suizidioaren arrisku faktoreak ikus ditzaten", azaldu du.
Hezkuntza Saila bigarren hiruhilekoan hasiko da irakasleak suizidioaren alorrean trebatzen. Datorren ikasturterako (2023-24), prestakuntza saioak aurreikusi dituzte Bigarren Hezkuntzako ikasleekin. Printzipioz, 15 urtetik gorako nerabeekin arituko dira.
Hiru maila: prebentzioa, esku hartzea eta suizidioa edo saiakeraren osteko protokoloa
Estrategiak hiru maila zehaztu ditu. Lehenengoak prebentzioa du jomuga. Alarma seinaleak (besteak beste, suizidioaz hitz egitea, bullyingaren biktima izatea, edota autoestimu baxua erakustea) antzemateko gakoak ematen ditu, eta saiakerari aurrea hartzeko, komunikazioa indartzea proposatzen du.
Bigarren maila batean, jokabide suizidako krisietan jarduteko prozedura bat zehazten du. Pauso horretan helburua da ikaslea artatzea, eta, familiarekin batera, sare bat osatzea eskolako, osasun mentaleko eta eremu sozial eta sozioedukatiboko profesionalekin.
Azkenik, suizidioa gauzatu edo saiakera egon ostean, nerabe horren eskolara buelta nola gauzatu edota dolua zelan landu ezartzen da.
Era berean, suizidioaren inguruko informazioa ematen duen gida bat erantsi dute. Gidak zenbait mito faltsu edo okerreko informazio –sozialki oso hedatuak– biltzen eta gezurtatzen ditu.
Jose Antonio de la Rica Arreta Soziosanitarioko zuzendariak jakinarazi duenez, iaz 19 urte baino gutxiagoko hiru neska-mutilek (bi mutil eta neska bat) egin zuten euren buruaz beste. Halaber, suizidio bat gauzatzen denerako, batez beste, 10-15 saiakera egin ohi ditu pertsona horrek.