Gizartea -
Natura
Ornodunen populazioak % 69 murriztu dira 1970etik, WWFren arabera
Gobernuz kanpoko erakundeak, halaber, ohartarazi du biodibertsitateak larrialdi egoera bizi duela, 'Planeta Bizia' izeneko txostenean azalduta dagoen "murrizketa lazgarri" horrek egiaztatzen duenez.
EITB MEDIA
Ornodunen populazioak % 69 murriztu dira 1970etik, WWF gobernuz kanpoko erakundeak Planeta Bizia txostenean kalkulatu duenez. Horrek egiaztatzen du, WWFren iritziz, biodibertsitatea egoera larrian dagoela.
Txostenak (bi urtero egiten dute) deialdia egiten die gobernuei, enpresei eta gizarteari, naturaren aldeko mundu mailako hitzarmen batekin konpromisoa har dezaten, Parisko Hitzarmenean gertatu zenez.
Lanak datu kezkagarriak erakusten ditu, arrainen, anfibioen, narrastien, hegaztien eta ugaztunen populazioen gainean; adibidez, ornodunen populazioei dagokienez, Latinoamerikako eta Karibeko batez besteko murrizketa % 94koa dela. Ur gezako espezieek, mundu mailan, % 83ko beherakada izan dute.
Txostenean 1970etik 2018ra arteko datuak daude jasota, planeta osoko 5.230 ornodun espezietako ia 32.000 populazioren gainekoak. Egoerari buelta eman eta 2030erako egoera positiboan dagoen natura lortzea helburu, ekintza transformatzaileei heltzea eskatu dute.
Txostenak ohartarazten du egun "planeta mailako larrialdia" dagoela, "krisi bikoitza dagoela: klima krisia, eta biodibertsitate galera eta naturen degradazioa. Txanpon bereko bi aldeak dira". Ondorioak nabariak dira; izan ere, milioika herritarrek lekualdatu behar izan dute, eta gero eta sarriagoak diren muturreko fenomeno meteorologikoek milaka heriotza utzi dituzte. Elikadura ziurgabetasuna, lurrak agortuta egotea, ur gezik ez izatea edo gaitz jakin batzuk hedatzea ere beste ondorioetako batzuk dira.
Larrialdi honetako eragin negatiboak pertsona guztien kalterako dira, baina, bereziki, gizatalde zaurgarrienek pairatzen dituzte.
Murrizketa zergatik gertatu den azaltzeko, txostenak arrazoi hauek zehaztu ditu: habitat degradazioa eta galera, espezie batzuen gehiegizko ustiapena, espezie inbaditzaileak, kutsadura, klima aldaketa eta gaixotasunak.