Gizartea -
OSASUN ETXEA
Hazteria kasuei "hurbileko jarraipena" egitearen garrantzia nabarmendu du Zubiak
Hazteria edo sarna larruazalaren infekzio parasitarioa da. Azkura handia sentitzea ohikoa da, batez ere gauez. Gaitzari aurre egiteko hainbat aholku eman ditu gaur, "Osasun Etxea" saioan, Felix Zubia medikuak.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak sarna edo hazteria zaintzeko eta kontrolatzeko protokoloa eguneratu dute, azken hilabeteetan izandako kasuen gorakadaren aurrean. Helburua gaixotasun horren transmisioa kontrolatzea da. Gai hori izan du hizpide, besteak beste, Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko buruak Euskadi Irratiko "Osasun Etxea" irratsaioan. Horren hitzetan, oso kutsakorra den gaitza da hazteria, eta beraz, berebiziko garrantzia du kasuren bat atzematen den unetik hurbileko jarraipena egitea, ukitze hutsarekin kutsatzen baita.
Hainbat aholku eman ditu Zubiak, kutsatzeak eteteko: kutsatutakoek erabilitako izarak edota arropak ondo garbitu behar dira, eta oso garrantzitsua da, baita ere, krema egokia ematea kutsatutako azalean.
Zer da sarna edo hazteria?
Hazteria edo sarna larruazalaren infekzio parasitarioa da. Azkura handia sentitzea ohikoa da, batez ere gauez, eta eskuetako eta oinetako hatzetan, eskumuturretan, ukondoetan, sabelaldean, izterretan, genitaletan eta tolesduretan (besapeak, bularren azpian, ipurmasailen artean, etab.)
Gaixotasuna eragiten duen akaro honek ez du ez salto ez hegan egiten. Edozein kutsa daiteke gaixoaren larruazala gutxienez 15-20 minutuz ukituz gero edo kutsatuta pertsonaren objektu pertsonalak ukituz gero (arropa, eskuoihalak, oheko arropa...).
Kontaktuaren ondoren, 4 eta 6 aste bitartean igaro daitezke sintomak (azkura) agertzen hasi arte. Sintomarik gabeko aldi horretan kutsatzeko arriskua dago.